Ekainaren 7ko mobilizazio nazionala aurkeztuko du egunotan Gure Eskuk Uribe Kostan

Iker Rincon Moreno 2025ko mar. 18a, 10:35

Erandion ere aurkezpena egin zuten, joan den martxoaren 6an.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko mobilizazio nazionala egingo du Gure Eskuk datorren ekainaren 7an. Hala, ekimen horren nondik norakoak aurkeztuko dituzte egunotan Uribe Kostan; joan den hilaren 6an, Erandion; datorren astean, martxoaren 26an, Algortako Villamonte kultur etxean, 19:00etan; hurrengo egunean, eguenean, Sopelako Kurtzio kultur etxean, 19:00etan; eta apirilaren 8an, Itzubaltzeta/Romon.

Gure Esku mugimenduak mobilizazio nazionala deitu du datorren ekainaren 7rako. Izan ere, mugimenduaren arabera, une egokia da berriz ere herritarren borondatea mahai gainean jartzeko eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea berresteko. Mobilizazioa Bilbon egingo dute, baina, nabarmendu dutenez, herri eta eskualdeek protagonismo berezia izango dute.

Gaur egungo testuinguruan, gudak, genozidioak, esplotazioak, arrazakeria, indarkeria matxista eta beste hainbat injustizia gertatzen ari dira munduan zehar. Testuinguru horretan, aitortu dute batzuek pentsa dezaketela erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena huskeria bat dela. Hala ere, Gure Eskuren ustez, munduko arazoak konpontzeko boterea gutxi batzuen esku uzteak injustiziak betikotzea dakar.

Era berean, mugimenduak azpimarratu du herri batek libre izan behar duela bere inguruan gertatzen diren injustiziei aurre egiteko eta mundu mailako elkartasunaren parte izateko. Horregatik, Euskal Herriko herritarrei dei egin diete ekainaren 7ko mobilizazioan parte hartzera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun