Adimen Artifiziala

Nerea Barandiaran: "Lan handia egiten dugu Getxoko eta inguruko sortzaileak eguneratuta egon daitezen"

Ander Zarraga 2025ko mar. 24a, 15:35

Hurrengo urteko udaberrian egingo dute 12. Serifalaris, baina, bitartean, IAIA OOOO izen originalagaz Prodigioso Volcáneko Paula Herrera adituaren hitzaldia egin dute gaur. Nerea Barandiaran Serifalariseko kideak gaurko hitzaldian jorratu dituzten nondik norakoak honela azaldu dizkigu.

Zein izan da Prodigioso Volcaneko Paula Herrerak egindako hitzaldiaren gaia?

Aurten, adimen artifizialari (AA) eskua sartzea izan da aurrera eraman nahi izan dugun proposamena; izan ere, gure inguruan etengabe ari gara horri buruz entzuten, mila estimulu eta mila iritzi desberdinekin. Apur bat galduta ikusi dugu geure burua, eta pentsatu dugu gu bezala sortzaile asko eta asko berdin ibiliko direla. Horregatik, ikerketa handia egin eta gero, formakuntzan eta AAean adituak diren profesionalak bilatu nahi izan ditugu, eta prozesu horretan Prodigioso Volcán-ekin egin dugu topo.

Gaur egin dugun saioan, testuan, irudian, bideoan eta audioan AA nola aplikatu ikasi ahal izan dugu. Horretarako, enpresa honen eta beste batzuen arrakasta-kasuak ikertu, funtsezko tresnak aztertu eta arlo bakoitzerako aplikazio praktikoak partekatu ditugu. Gainera, diseinuak komunikazioaren zerbitzura egon behar duela ikusi dugu, eta AA aliatu estrategikoa dela, eta ez moda hutsa.

Zer kontatu ahal diezagukezue Prodigioso Volkanen inguruan?

Prodigioso Volcán eraldaketarako konpainia bat da, kazetaritzako DNA duena, eta etorkizunak eskatzen duen  komunikaziorako irtenbide berritzaileak eskaintzen dituena. 2011n sortua, gaur egun Madrilen, Bartzelonan, Sevillan, Valentzian, Bilbon eta Mexikon daude. Pertsonek ulertzeko duten eskubidearekin konprometituta, komunikazio bide harrigarriak sortzen dituzte markek, erakundeek eta administrazio publikoek beren helburuak bete ditzaten, baita negozio berriak gara ditzaten eta eraldaketa-prozesuei eraginkortasunez aurre egin diezaieten ere.

Prodigioso Volcánek ikerketa-metodologia propioa aplikatzen du, Sapiens, ezagutza konektatzeko, ulertzeko, sortzeko eta berritzeko. Bere bezeroen artean BBVA, Coca-Cola, Telefónica, Iberdrola, Fundación la Caixa, Novartis, Roche edo Cervantes Institutua dira nabarmentzekoak. Gainera, aurten, B Corp ziurtagiria lortu du, gizarte eta ingurumen estandar altuak, gardentasun publikoa eta legezko erantzukizuna dituzten enpresak bereizten dituena.

Egingo duzuen masterclass-erako izen-emateak agortuta daude, izan duen arrakasta ikusita, errepikatzeko edo antzeko zerbait egiteko asmoa daukazue?

Argi daukagu gai honek jakin-min handia sortzen duela, eta formatu berdina errepikatzeko asmorik ez daukagun arren, gaiak beste hainbat buelta, ikuspuntu eta iritzi emateko aukera ematen dituela uste dugu. Agian, aurrerago, edo festibalean bertan, AAri buruz hitz egitea ezinbestekoa izango da sortzaileen munduan egunean egoteko.

Beste hitzordurik prestatu duzue hurrengo hilabeteetarako?

Seguruenik urtea bukatu baino lehen beste hitzordu berezi bat edukiko dugu Serifalarisen komunitatearekin, haiekin daukagun harrera oso polita baita beti. Badakigu askok gugan fede itsua daukatela eta era berdinean guk haiengan ere bai, egiten dugun guztiari erantzuna ematen diote. Lan handia egiten dugu Getxoko eta inguruko sortzaileak eguneratuta egon daitezen, kalitatezko formakuntzak edukitzeko eta sare intraprofesional osasuntsu eta indartsua edukitzeko. Eta ezin ahaztu 2026ko udaberrian izango den Serifalarisen 12. edizioa prestatzen ari garela. Han ikusiko dugu elkar!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun