Kresaltsu izango du izena Getxoko haur-eskola berriak

Erredakzioa 2025ko mar. 28a, 10:22

Haur-eskola berria Romo ikastetxearen ondoan eraikiko dute. © GETXOKO UDALA

Aste honetan bertan hasi dira udalerriko haur-eskola publiko berria eraikitzeko lanak, Getxoko bigarrena izango dena, eta Kresaltsu izena izango du, martxoko ohiko osoko bilkuran jakinarazi dutenez. Alderdi politiko guztiek aldeko botoakaz –Elkarrekin Podemosena ez ezik, abstenitu egin baitzen–, erabaki zuten Haurreskolen Partzuergoari zentro berria sortzeko eskatzea eta haren izena horixe izango dela jakinaraztea, Udaleko Euskara Arloak iradokitakoaren arabera eta Itzubaltzeta/Romo auzoko toponimia kontuan hartuta, Romo ikastetxe publikoaren eraikin hexagonalean kokatuko baita.

Hasi berri diren obrak egiteko, Udalak 612.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik, Europar Batasuneko Next Generation funtsen kargura. Diru horrek gastuen zati bat estaliko du, gutxi gorabehera 900.000 eurokoak izango direnak.

Kresaltsu Haurreskolak, 2026tik aurrera, guztira, 34 plaza eskainiko ditu 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat: gela bat, 0 eta 1 urte arteko adina dutenentzat, eta gela bi, 1 eta 2 urte arteko adina dutenentzat.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek nabarmendu zuten albiste ona dela Getxon bigarren Haurreskola bat izatea, baina uste dute eredu deszentralizatuago baten alde egin behar dela, eta, beraz, beste auzo batzuetan antzeko zentro gehiago sortu behar direla. Udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) adierazi zuenez, haur-hezkuntzagaz eta lana eta familia uztartzeagaz duen konpromisoa indartuko du Kresaltsuk. "Eraikin moderno, irisgarri eta efizientea da, eta Algortako Los Fueros kalean dagoen Egunsentia haurreskolarekin batera, Getxok 130 plaza izango ditu udalerriko haurrentzat".

Beste gai batzuk

Bestalde, aho batez onartu zuten 2.024.000 euroko kreditu gehigarria eta 2.000.000 euroko konpromiso-kreditua (100.000 euro 2026rako; 500.000 euro 2027rako eta 1.400.000 euro 2028rako) atletismo, belodromo eta errugbiko harmailen eraikina finantzatzeko, iaz gobernuko alderdiek eta PPk 2025eko Aurrekonturako sinatutako akordioari esker.

Halaber, hasierako onespena eman zioten Algortako Manuel Gainza aparkalekuaren araudi aldaketari, bertan partzela bat duten egoiliarrei ordainketa zatikatua errazteko, eta, horrela, hilero ordaindu ahal izan dezaten, gaur egun egiten duten urteko ordainketaren ordez.

Era berean, 2024ko Udalaren Aurrekontu Orokorraren likidazioaren onespenaren berri eman zuten; gobernuaren ustez, "kudeaketa ona islatzen du horrek", eta oposizioarentzat, berriz, guztiz kontrakoa. Halaber, joan den martxoaren 6an, M8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, aho batez onetsitako adierazpen instituzionalaren berri eman zuten.

Mozioen kapituluan, osoko bilkuran aurkeztutako bakar bat ere ez zen atera, eta galde-eskeen txandan, Portu Zaharreko festetatik sokamuturra kentzearen aldeko herritarren ordezkariek parte hartu zuten, uste baitute udala atzeratzen ari dela horri buruzko erabakia hartzeko garaian.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun