Begoñako Punta sakontasun historiko paregabeko toki bezala baloratu dute profesionalek eta adituek. Xurxo Ayan arkeologo eta dibulgatzaile ospetsuak honela definitu zuen: “Penintsulan aurki daitekeen kapsula historiko interesgarrienetako bat da”. Horregatik, Punta Begoña Fundazioak ondarea eta gure historia zabaltzeko proiektu hau jarri du martxan, modu berritzaile, irisgarri, didaktiko eta ludiko batean. "Kontua ez da soilik historia ezagutzea, baita bizitzea ere".
Proiektu pilotuaren helburua da galerien ikusgarritasuna, kokapen estrategikoa eta gordetzen dituen gertaera garrantzitsu historikoen pilaketa aprobetxatzea narrazio berritzaile bat eraikitzeko, apirilean eta maiatzean monumentura egingo diren bisita gidatuetan integratzeko. Eta, horretarako, egungo teknologiak aplikatuko ditu, ikus-entzunezko lengoaia eta estetika azken belaunaldiko birsorkuntza birtualakaz, adimen artifizialagaz, efektu bereziakaz eta bereizmen handiagaz konbinatzen dituztenak.
Esperientzia hori euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez aurkeztuko dute, eta tresna publikoagaz kontrastatzeko eta haien ekarpen eta proposamenetara egokitzeko balioko du, getxoztarren eta bisitarien interesakaz konprometitutako esperientzia parte-hartzailea bihurtuz.
Gertaera gogoangarri historikoak
Konbinazio horren emaitzari esker, Begoñako Puntara joango denak talaia horretatik murgiltzeko aukera izango du, telefono mugikorraren bidez edo tabletaren bidez hobeto ikusi gura bada), gertaera historiko garrantzitsuenetan. Duela 65 milioi urteko flyscharen historiatik gaur egunera arte, duela ia 5.000 urteko kokaleku neolitikotik, XVII. eta XVIII. mendeetako gotorleku militarretatik, Bizkaiko eta EAEko ekonomiaren goralditik, Horacio Echevarrietak Begoñako Puntatik sortu zuen nazioarteko punta-puntako merkataritza-gunetik, Gerra Zibiletik, espoliazio faxistatik, frankismotik, demokraziaren etorreratik eta azken hamarkadetako gertaera sozialetatik igaroz.
Proiektuaren lehen fasea, Aste Santu honetan bisiten eduki gisa egongo dena, XX. mendeko gertaera historikoetan zentratuko da:
- Ikono europarra eraikitzea. Begoñako Punta 1918.
- 20ko hamarkada 1931ra arte. Begoñako Puntatik diseinatzen zen etorkizuna. Horacio Echevarrietaren eklosioa, Espainiako Estatuko historiako enpresa-gizonik garrantzitsuenetako bat.
- 1937ko egun hartan. Gerra, erbestea eta bonbak Abran eta Begoñan. XX. mendeko egunik tristeenetako bat EAEn.
- Begoñako Puntako espoliazioa eta faxismoaren aztarnak. 1939 eta 40ko hamarkada.
“In situ” bizitzeko esperientzia bat sortuko da, bere protagonistek lehen pertsonan kontatua, gure historia ulertzen lagunduko duen teknologiari esker. Historia aipatutako gertakari historiko horiek testuinguruan kokatzen dituzten kontakizun dokumental batzuen bidez transmitituko da, aktoreen grabazioen, efektu berezien eta adimen artifizialaren bitartez. Dokufikziozko eta estetika zinematografikoko ikus-entzunezko horiek 360ºan irudikatu daitezkeen murgiltze-edukiak izango dituzte, birtualki berreraikiak, bisitariak interes handieneko etapa historikoetara eraman ahal izateko.
Proiektua denboran haziz joango da, erakundeek eta, batez ere, Euskal Herriko Unibertsitateak egindako ikerketa-lanak aprobetxatuz, Begoñako Punta “historiarako leku” bihurtu arte.
Daborduko gertakari historiko berriak birsortzeko lanean ari dira, eta horiek proiektuan sartuko dira, monumentuaren zaharberritzeak aurrera egiten duen bitartean (Begoñako Puntako Flysch-aren kobazuloan ikusgai dagoen bide orriaren arabera), eta espazio historikoak museo bihurtzen diren bitartean.