Subflubialaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenaren aldaketari alegazioak aurkezteko eskatu dio PSE-EEk Getxoko Udalari

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 15a, 09:34

Itsasadarraren azpiko tunelak izango duen trazaduraren proiekzioa. © BFA

Itsasadarraren azpiko tunelaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenaren aldaketaren aurrean alegazio irmo eta arrazoituak aurkezteko eskatu dio Getxoko PSE-EEk Udalari. Izan ere, proiektuaren sustatzaileak, Interbiak-ek, eskatu du jatorrizko txostenean berariaz baztertu ziren zenbait alderdi berriro sartzea, hala nola leherketak. Aldaketa horrek alegazioak aurkezteko epea ireki zuen, joan den apirilaren 8an amaitu zena, eta sozialisten ustez Getxoko Udalak herritarrak babestuko dituen alegazioak aurkeztu behar zituen.

Getxoko PSE-EEk Udalari eskatu dio alegazioak aurkez ditzala Interbiak-ek bultzatutako itsasadarraren azpiko tunelaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenaren aldaketaren aurka. Sozialisten arabera, aldaketak, besteak beste, jatorrizko txostenean berariaz baztertu ziren leherketak jasotzen ditu, hiri-ingurunean inpaktu larriak eragin ditzaketenak, hala nola zarata, bibrazioak, partikulen emisioak eta egiturazko balizko kalteak.

PSE-EEk salatu du Udalak orain arte egindako alegazioak ez direla nahikoak, eta ez dela "behar bezala" aztertu aurreikusitako leherketek izan dezaketen eragina. Hartara, deitoratu du txostena aldatzeko aurkeztu diren azterketek ez dutela betetzen beharrezkoak diren zehaztasun eta zorroztasun mailak. Ildo horretan, sozialistek gogoratu dute, besteak beste, ez dela aurkeztu meatze-araudiak eskatzen duen "leherketa bereziko proiektua".

Carmen Diaz bozeramaile sozialistak eta alkateordeak azpimarratu du kezkatuta dagoela obrak gertuko etxebizitza eta ikastetxeetan izan ditzakeen eraginengatik, hala nola Itzubaltzeta/Romoko ikastetxe publikoan eta Artaza-Romo institutuan.

Horregatik guztiagatik, proposatutako aldaketa ez onartzea eskatu du talde sozialistak, eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpen berri bat izapidetzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun