Ibilgailuen zirkulazioa murriztu dute Itzubaltzeta/Romoko Aurrezki Kutxa kalean

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 15a, 09:51

Ibilgailuen zirkulazioa murriztuta dago astelehen honetatik aurrera Itzubaltzeta/Romoko Aurrezki Kutxa kalean, oinezkoei lehentasuna emanez. Horretarako, trabagarri erretraktil bi instalatu dituzte kale horren hasieran, astelehenetik zapatura 12:00etatik 08:00etara aktibatuta egongo dena, baita domeketan ere, egunean 24 orduz. Hala, baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira ibili kale horretatik.

Instalatutako euskarri bikoitzak irekiera automatikoko kontrol-sistema bat du, matrikula kamera baten bidez identifikatzen duena, baita urruneko irekiera eta eskuzkoa ere. Astelehenetik zapatura, 12:00etatik hurrengo eguneko 08:00etara egongo da aktibatuta, eta domeketan 24 orduz. Beraz, baimendutako ibilgailuak baino ezin izango dira ibili kale horretatik edozein ordutan: udal zerbitzuetako ibilgailuak (hala nola garbiketa eta hondakinen bilketa, lorezaintza, argiteria, brigada eta Udaltzaingokoak) eta Aurrezki Kutxa kaleko 1, 2, 4, 6 eta 8 atarietan eta Ibaiondo kaleko 13. zenbakian erroldatutako egoiliarren autoak. Zamalanak, bestalde, 08:00etatik 12:00etara egongo dira baimenduta, lanegunetan, zapatuak barne.

Kartel bi jarri dituzte, bata Errekagane eta Ezequiel Aguirre kaleen arteko elkargunean, eta bestea Aurrezki Kutxa kalearen hasieran, “oinezkoentzako gunea eta zirkulatzea debekatuta, baimendutako ibilgailuak izan ezik” seinaleagaz, zamalanetarako ordutegiagaz eta Udaltzaingoaren intzidentzietarako telefono zenbakiagaz.

“Jarduera honek Santa Eugenia plazara joaten diren eta plaza hori erabiltzen duten pertsonen segurtasuna areagotuko du, batez ere adingabeena. Izan ere, gune horretan ohikoak diren gurasoek kezka hori adierazi diote udalari. Gainera, Europar Batasuneko Next Generation funtsek finantzatutako jarduera bat da, Emisio Gutxiko Eremuak (EGE) gaitzeko, airearen kutsadura murrizteko helburuarekin”, azpimarratu du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak. Horrelako eremuak, Getxon garatzen ari direnak, isolatuak edo puntualak izan daitezke, hau da, eremu edo kale bakar batera mugatu daitezke, ordutegi murriztuakaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun