Kostaldeko txilardietatik irteera botanikoa egingo dute apirilaren 26an Getxon

Erredakzioa 2025ko api. 17a, 11:11

Kostako txilardia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaleko Ingurumen Zerbitzuak irteera botanikoa antolatu du hilaren 26rako, zapaturako, Galea eta Azkorri inguruko kostaldeko txilardietatik. Jarduera 09:30etik 13:30era izango da, eta Amador Prieto botanikari profesional eta naturalistak gidatuko du. Xabi Buenetxea fauna basatian espezializatutako naturalista ere izango du lagun.

Prietok ibilbidean zehar aurkituko dituen landareak identifikatuko ditu, eta ekosisteman duten funtzioa azalduko du, baita txilardi kantauriarraren beraren eta horren floraren beste alderdi interesgarri batzuk ere. Buenetxeak, berriz, agertuko diren eta behatzen uzten duten fauna-espezieak identifikatuko ditu, eta horiei buruz hitz egingo du.

“Azpimarratu behar da Ingurumen Saileko talde teknikoa egiten ari den lanaren garrantzia Getxoko natura-ondare baliotsua babesten, aztertzen eta zabaltzen. ‘GetxoNatura, Ezagutu eta Zaindu’ jardunaldiak eta, zehazki, irteera botaniko honek gure kostaldeko ekosistemen aberastasuna hobeto ezagutzeko aukera emateaz gain, gure ingurunearekiko lotura indartzen eta zaintzen laguntzen dute. Kontserbazioa ezagutzatik hasten da, eta horrelako jardunaldiak funtsezko tresna dira udalerri jasangarriago eta biodibertsitateaz kontziente baterantz aurrera egiteko", adierazi du Iñigo Urkitza Ingurumen Zerbitzuko zinegotziak.

Egun horretarako aurreikusitako klimatologiarako egokia den landa-arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek, baita beroa eginez gero hidratatzeko ura ere. Ibilbidea ez da luzea izango, eta ez du zailtasunik izango. Jarduera helduentzat eta 11 urtetik gorakoentzat da gomendagarria, baina adin horretatik beherakoak ere joan daitezke, tutoreen ardurapean.

Topalekua Aixerrotako errotaren ondoan izango da, 9:30ean, eta plazak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman behar da ohiko helbide elektronikoan: boluenatura@gmail.com.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun