Adimen Artifiziala

Beñat Erezuma: "Adimen artifizialean alfabetatu behar gara"

Ander Zarraga 2025ko api. 23a, 11:13

Beñat Erezumak berezuma.com webgunean batu ditu bere artikuluak eta lanak.

Teknologia eta Matematikako irakaslea da Beñat Erezuma Arisketa ingeniaria. Horrez gain, STEAM eta digitalizazioan aholkularitza-lanak ere egin ditu, eta, urteotan, Elhuyar Zientzia Azoka eta STEAM Euskadi sarietako epaimahaikide ere izan da, besteak beste. Halaber, adimen artifizialak hezkuntzan duen lekuaz ere aritu zen iaz Udako Euskal Unibertsitatean.

Adimen artifizialak gero eta presentzia handiagoa dauka hezkuntzan. Zeintzuk dira planteatzen diren erronkak eta aukerak?

Irakaslearen begiradatik ikusita, ChatGPT bezalako txatbotak tresna erabilgarriak izan daitezke, batez ere, lan burokratikoak arintzeko. Hezkuntza Sailean, adibidez, dokumentazioan arakatzeko txatbot propioa daukate. Horrez gain, materialak edo errubrikak sortzeko ere oso baliagarriak dira, ebaluaziorako tresnak sortzeko balio baitute. Hala ere, hor kontu handia izan behar dugu, oso ideia txarra delako ikasleen lanak ebaluatzeko horrelako tresna batera jotzea: batetik, ez daudelako horretarako prestatuta, eta, bestetik, adimen artifizialarekin egindako lanak atzemateko erabiltzen diren programek positibo faltsuak ere ematen dituztelako, eta horrek ikasleen eskubideak urratu ditzake.

Beraz, adimen artifizialak ez luke ebaluatzeko balioko?

Horretarako, ebaluatzeko forma aldatu beharko litzateke. Ikasle bati lan bat eskatzen diogunean, hori gurasoek ere egin ahalko lukete; nire ustez, ahozkotasunak eta offline momentuak ebaluatzeak garrantzia gehiago hartu beharko lukete, baina horrek ez du kenduko horrelako tresnak laguntzaile bezala erabiltzea.

"Irakasleok adimen artifizialaren inguruko oinarrizko alfabetizazio bat izan beharko genuke, gero hori ikasleei transmititzeko; horren atzean zer dagoen ikasi eta jakin ikasleekin ere sor ditzakegula horrelako eredutxoak"

Beraz, hezkuntzarako tresna bat gehiago izango da?

Bai, baina zentzu oso kritikoarekin erabili beharreko tresna dira. Arazo handienetako bat da txatbotek ez dakitela esaten zerbait ez dakitela, eta, horregatik, gauzak asmatu egiten dituzte; gainera, mendebaldeko gizartearen eta, bereziki, AEBko ikuspegia dute erabat; besteak beste, Euskal Herriari buruz oso gutxi dakite.

Hori ondo erabiltzen ikasteko edukiak ere sortu dituzu, ezta?

Bai, adimen artifizialei dagokienez, uste dut alfabetatzea ezinbestekoa dela. Horretarako, batetik, Berritzegune Nagusian hiru bideo grabatu genituen horrek izan ditzakeen ondorioez, eta, bestetik, nire webgunean ere ikastarotxo bat badaukat horren inguruan. Gainera, irakasleei Unicefek sortutako dokumentuak ere gomendatzen dizkiet, hezkuntzara begira oso erabilgarriak direla uste baitut.

Gaiz aldatuta, nola azalduko zenuke zer den STEAM?

Zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika bateratzen dituen hezkuntza-esparrua da. 2018an, Hezkuntza Sailak horretara bideratutako estrategia abiatu zuen, eta, gaur egun, hainbat ikastetxetan egiten dira STEAM proiektuak. Hori gertuko aholkularitzaren bitartez mantendu eta hauspotu beharko litzatekeela uste dut. Dena den, ezin dugu iparra galdu, uste baitut horren atzean ere etika eta pentsamendu kritikoa egon behar direla.

Nola gorpuzten da hezkuntza-esparru hau?

Aipatutako diziplinak bateratzen dituzten proiektuak dira: jakintzagaiak solte eman beharrean, proiektu amankomun baten parte dira eta ikasleek metodo zientifikoa zer den uler dezaten jartzen da azpimarra; hau da, ikerketa zientifikoa zer den eta hortik nola ateratzen diren ondorioak, baita prozesu teknologikoak zer diren eta horietarako beharrezkoak diten beste hainbat estrategia ere.

Zergatik uste duzu dela garrantzitsua konpetentzia hauek ikasleen prestakuntzan txertatzea?

Zientziarik gabe ez garelako ezer eta horretan oinarritzen delako gure jakintza guztia. Teknologia ere ditugun arazoak konpontzeko tresna da. Adibidez, pandemian ikusi zen ikastetxeetan gelak aireztatuta egotea garrantzitsua zela; hor hipotesi bat zegoen, baina frogatu behar zen ea nola aireztatu zitezkeen. Horretarako ateak eta leihoak ireki beharko lirateke. Geletan zegoen CO2 kopurua zuzena den edo ez ikusteko, Batxilergoko ikasleekin CO2 neurgailuak sortu genituen. Horretarako, zientzia eta teknologia ezinbestekoak dira.

"STEAM hezkuntzaren bitartez gizartearentzako onuragarriak diren proiektuak bultzatzea bilatzen da beti"

Nola ikusten duzu zuk hezkuntzaren etorkizuna?

Ikasleei begira, hainbeste mezu negatibo ematen zaien garai hauetan, nik mezu positibo bat bidali nahiko nieke, hori ere garrantzitsua delako. Gure gizarteak izugarrizko erronkak ditu eta horien aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu. Adibidez, etxebizitza lehentasuna izan beharko litzateke: nola emango diegu etxebizitza duina gaur egungo baldintzekin? Adimen artifizialaren erronkari dagokionez, nik uste dut ikasleek etorkizunean erabiliko duten tresna bat gehiago izango dela, baina horretan ere alfabetatu beharko zaie eta uste dut gakoa pentsamendu kritikoan eta ahozkotasunean egongo dela, baita irakurmenean ere. Pentsatzen dut hori dela bidea, baina horretarako gelan eztabaidak ere sustatu behar dira, debekuak jarri beharrean gauzen zergatia azaldu eta beraien iritzia ere galdetu behar zaielako.

Zeintzuk dira irakasleen erronkak?

Besteak beste, urtero kanpotik etorritako hainbat ikasle jasotzen ditugu, bertako hizkuntzak menderatzen ez dituztenak, eta hor izugarrizko erronka daukagu horiek gure sisteman txertatzeko. Ulertu behar dugu duela 25 urteko Euskal Herria eta gaurkoa ez direla berdinak, beraz, Hezkuntza Sailetik guretzako ardatzak diren arloetan trebakuntza asko jaso beharko genuke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun