19 urte igaro dira Txorimalo gaztetxea zena okupatu zenetik, gaur egun Kabia gune okupatua dena. Zelakoa izan da ia bi hamarkada hauetako bidea gune horretan?
Bidea gorabeheratsua izan da, zalantzarik gabe. Txorimalok ere bere gorabeherak izan zituen: eraikinaren konponketak, epaiketak, pandemia garaia, kaleratze-arriskua... eta baita bere barne-eztabaida eta prozesuak ere. Adibidez, 2016 urtean Hamarnakatu prozesuari lotuta Txorimalok berpizkunde bat izan zuen, eta 2022an, antzerako beste barne-eztabaida baten ondorioz sortu genuen Kabia. Txorimaloko parte ginen kide batzuek Kabian jarraitzen dugu, eta beranduago batu diren belaunaldi berriak ere pisu handia dute gaur egungo proiektuan.
Urte hauetan barre asko egin dugu, izugarri ikasi dugu, eta elkar maitatu eta zaindu dugu, baina noizean behin sufritzea ere tokatu zaigu, itoginak konpontzen, arratoiak uxatzen, lokatza garbitzen edo poliziaren mehatxuak eta jazarpena jasaten, adibidez. Baina uste dugu, orokorrean, oso bide polita izan dela eta Kabiak aurrera jarraitzea merezi duela, sekulako ekarpena egiten baitio tokiko kultur eszenari, herri mugimenduari eta funtsean autogestioan antolatu nahi duen edonori.
Auzokideekin ere, duela gutxi elkar-bizitza sustatzeko eta zaintzeko hartu-emana izan dugu, eta sentsazioa dugu oro har begi onez ikusten dutela proiektua, eta nabaritzen dutela egiten dugun ahalegina ingurugiroarekin eta ondoko bizilagunekin errespetuz aritzeko.
Zelan ospatuko duzue urtemuga hori?
Energia handiarekin hartu dugu urteurren honen prestakuntza, Getxoko Udalak aurrera eraman nahi duen HAPOren aurrean ez baitakigu noiz izan daitekeen azkenengoa. Hori dela eta, proiektuaren parte diren pertsona eta taldeei bideratuta egin da. Azken finean Kabiak auzolana du oinarri eta guztiok guneaz gozatzeko helburuarekin bideratu nahi izan dugu, bertokoei aukera hau zukutzeko lekua utziz. Urtemuga ekintza ezberdinekin antolatuko da, hiru egunez apirilak 24, 25 eta 26, ostegunetik larunbatera hurrenez hurren. Algortan hasiko da urteurrena, ostegunean, pregoia Txiki Otaegin hasiz eta Azebarrin pare bat kontzerturekin. Ostiralean auzolana, bazkaria girotua eta jolasak izango ditugu, larunbateko eguna prestatzeko. Azkenik, larunbaterako kartel lodi bat prestatu dugu jolasak bertso bazkaria, Peru Irastorza eta Oihana Bartrarekin, eta gauen kontzertuak talde lokalen eskutik Nazka eta 2dean Eromeria taldeen eskutik. Espero dugu kartela guztiontzako erakargarria izatea!
Eta, etorkizunera begira, zelan aurreikusten duzue gune okupatuaren bidea?
Egia esan, orain, Getxoko Udalak onartu duen HAPOren ondorioz Kabia gune okupatua egoera ezegonkor baten dagoela esan dezakegu; izan ere, urbanizazio plan horrek Kabia bota eta bertan luxuzko etxebizitzak egitea aurreikusten du.
Dena den, ziurgabetasun hori hor egon arren, ez dugu etsitzeko intentziorik, proiektua aurrera ateratzen ari gara eta hala jarraituko dugu etorkizunean ere. Horren adibide da laster ospatuko dugun 19. urteurrena, ez azken aldian egin ditugun Kabiaren mantentze- nahiz hobekuntza-lanak, hala nola teilatuaren konponketa zati handi baten berritzea, sukaldearen erreforma, grabaketa gelaren berrikuntza, oilategia, ortua…
Gainera, herrian HAPO hori gelditzeko plataforma dugu eta epe laburrean gure helburuetako bat borroka horri ikusgarritasuna ematea izango da; batez ere, HAPOren inguruko herri galdeketa antolatzeko egiten ari diren sinadura bilketari.
Hala ere, urbanizazio planak aurrera egitekotan, kaleratzeari aurre egiteko lanketan hasiko gara buru-belarri. Konbentzituta baikaude Kabia bezalako guneak eta proiektuak funtsezkoak direla, herri nahiz eskualde ororentzat. Ekimen ezberdinen bidez gazteak antolatzeko aukera ematen duen eremua delako, adibidez: hitzaldiak, kontzertuak, jaialdiak, mendi irteerak, musika taldeentzako entsegu lokala, ortua, oiloak...