Getxon bukatu da Besarka Dezagun Itsasoa erronka solidarioaren lehen etapa

Ander Zarraga 2025ko api. 24a, 12:58

Alberto Lorente igerilaria erronka hastear. © ITSASMUSEUM

Alberto Lorente igerilariak penintsula 11 autonomia-erkidegoko kostaldeak zeharkatuko ditu igerian kirola, jasangarritasuna eta gizarte-ekintza bateratzen dituen erronka honetan. 20 erakunde eta elkarte baino gehiagoren babesa duen Besarka Dezagun Itsasoa ekimenaren helburua itsasoak eta hondartzak zaintzearen garrantzia nabarmentzea da.

Besarka Dezagun Itsasoa ekimenak kirola, jasangarritasuna eta gizarte-ekintza uztartu gura ditu, eta, horretarako, Alberto Lorentek Iberiar penintsulako eta irletako 11 autonomia-erkidegoko urak zeharkatuko ditu igerian. Ekimen horren lehen etapa apirilaren 22an egin zuten, Ama Lurraren Nazioarteko Egunean, Lorentek Bilboko Itsasmuseumetik Getxoko Ereaga hondartzara igerian egin zuen lehen etapagaz. Hala, aldi berean, proiektuaren kide eta ingurumen-ekintzaile den Enrique Herrerok, Quique Bolsitas-ek, tokian tokiko gizarte- eta ingurumen-eragileak inplikatuko ditu, eta kostaldeetako garbiketak eta kontzientziazio-jarduerak antolatuko dira etapa guztietan.

Itsasmuseumetik abiatu zen erronkan hori babesten ari diren 20 bat erakunde eta elkarte izan ziren, ekimenera boluntario gisa batu diren hainbat herritarregaz batera. Jardunaldian zigarrokinen bilketa kolektiboa ere egin zuten aipatutako museotik eta itsasadarraren inguruetatik. 

Aurkezpen instituzionalean parte hartu zuten Jon Ruigómez, Itsasmuseum Bilbao-ko zuzendariak; Carlos Sergio Achotegui, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendari nagusiak; Carmen Díaz, Getxoko Udaleko alkateordea eta Gizarte Kohesiorako zinegotziak; baita Alberto Lorente eta Enrique Herrero protagonistek ere. Guztiek azpimarratu zuten erronkaren lankidetza-espiritua eta mezu itxaropentsua: "Mundu desberdin bat posible da, keinu bakoitzak balio du".

Ekitaldiko unerik garrantzitsuena Alberto Lorentek kaitik uretara jauzi egin zuenean heldu zen, orduan eman baitzion erronkari hasiera. Hala, apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitartean, 11 autonomia-erkidegotako kostak zeharkatuko ditu 12 etapetan zehar. Lehen etapa horretan, Lorente agurtzera eta laguntzera piraguak, paddle surfak, motordun ontziak, ala ontzi bat, dragoi-ontzia eta ertzetan korrikalari taldeak hurbildu ziren.

Igerian hiru ordu baino gehiago eman ostean, Lorente Ereagako hondartzara iritsi zen. Bertan ere hondakin-bilketa egin zuten hondartzan, labarretan eta inguruko beste gune batzuetan. Gainera, informazio-guneak ere jarri zituzten, baita haurrentzako tailerrak eta ingurumen-sentsibilizaziorako ekintzak ere.


Erronka babestu duten hainbat erakunde, elkarte eta herritar. © ITSASMUSEUM

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun