Areetan, Itzubaltzeta/Romon, Algortan eta Portu Zaharrean izango dira saioak, eta, horietan, Galizia, Katalunia, Madril eta Euskal Herriko hainbat herritako errealitateak ezagutzeko aukera eskainiko dute, mugimendu sozial eta erakundeen ordezkarien eskutik. Berbaldi guztiak 19:00etan hasiko dira, doakoak izango dira, eta itzulpen zerbitzua ere egongo da.
Lehen saioa apirilaren 29an izango da, Areetako Elkartegian, “Zahartzaroan ere libre, aktibo eta ikusgarri” izenburupean. Hiru hizlari izango dira bertan: Nerea Almazan psikologo eta ikertzailea; Izarra Urdalleta Segurako alkatea, eta Federico Armenteros, Madrileko LGTBIQ+ nagusien egoitza sortu duen 26 de Diciembre Fundazioko kidea.
Maiatzaren 6an, Algortako Villamonte kultur etxean, “Getxo, harrera herria?” saioa izango da. Kulturartekotasuna eta gorro-diskurtsoak izango dituzte hizpide Boubacar Diouf (Mbolo Moye Doole manteroen elkartea), Liliana Ulchur eta Eneko Gerrikabeitia (Gallartako Martin Etxea), eta Txekun Lopez de Aberasturi (Euskal Herria 11 Kolore) hizlariek.
Bi egun beranduago, maiatzaren 8an, Romo Kultur Etxean, hainbat herri eta hiritan mugikortasunari lotuta hartutako neurrien inguruan arituko dira. Horretarako, Espainiako Estatu mailan erreferentzialak diren hiri biren parte-hartzea izango dute: alde batetik, Pontevedrako hirigintza zinegotzi Alberto Oubiñak parte hartuko du, online, BNGk gidatutako hiri hau eredugarria baita mugikortasun jasangarriari dagokionez; eta bestetik, Janet Sanzek hitz egingo du, gaur egun Barcelona en Comu taldeko presidentea eta zinegotzia eta Ada Colauren gobernuetan ekologia, hirigintza eta mugikortasun arduraduna izan zena. Gainera, EH Bilduko batzarkide Raul Mendezek Bizkaiko testuingurua ere jarriko du.
Azkenik, maiatzaren 13an, turistifikazioaren eta gurutzaontzien eraginaren inguruko gogoeta egingo dute Algortako Portu Zaharrean, Pedro Bilbao doktorearen plazan (euria egingo balu, Bilgunean egingo dute). Kasu honetan, Bilboko Zazpikaleetako errealitatea ezagutaraziko dute SOS Alde Zaharra taldeko Eritz Mendizabalen eskutik; Bartzelonakoa, Daniel Pardo Rivacobagaz, ABDT Asamblea de Barrios por el Decrecimiento Turistico taldeko kideagaz; eta Itziar Murua Uria EH Bilduko legebiltzarkide zarauztarragaz.