Getxophotok REC botoia sakatuko du aurten, irudiaren eta memoriaren inguruko gogoeta proposatuz

Hodei Torres · Iker Rincon Moreno 2025ko api. 29a, 18:50

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak bere hemeretzigarren edizioa aurkeztu du gaur, maiatzaren 29tik ekainaren 22ra bitartean ospatuko dena Getxon. Aurtengo edizioak “REC” izango du ardatz, azken hiru urteotako trilogiari amaiera emanez: PAUSA (2022), PLAY (2023) eta, oraingoan, REC. Hona hemen Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariak eta Amaia Aguirre alkateak labur-labur jaialdiaren nondik norakoen berri emateko azaldutakoa.

REC, grabazioetarako botoi ikoniko hori, edukiak etengabe erregistratzeko gogo kolektiboaren metafora bihurtuko du Getxophotok. Jaialdiak irudien gainprodukzioa, teknologia berrien bilakaera, artxiboen eginkizuna eta oroimenaren eraikuntza izango ditu aztergai, ikus-entzunezko hizkuntza garaikidean sakonduz.

Beste behin ere, edizio honetako zuzendaritza artistikoaren ardura Maria Ptqk ikertzaile eta komisario independenteak izango du. Ohikoa denez, nazioarteko proiekzio handiko hamaika artistek parte hartuko dute ekimenean, eta euren lanak Getxoko kaleetan zehar eskainiko dira formatu handiko erakusketa irekietan.

Parte hartzaileen artean nabarmentzekoak dira Yevonde, John Divola, Sabiha Çimen, Arno Gisinger eta Jose Ramon Ais, beste 20 artista ingurugaz batera.

Getxophotok, berriz ere, arte garaikidearen eta gizartearen arteko zubi lana egingo du, argazkigintza eta ikus-entzunezko sorkuntza publiko orokorrera hurbilduz, kalean eta dohainik.

Aurtengo ekimena aurkeztu dute gaur, martitzenean, Algortako Kasinoan, eta bertan izan dira Leixuri Arrizabalaga, María Ptqk, Amaia Agirre, Ana Lopez Asencio eta Jokin Aspuru.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun