Amaia Aguirre alkateak eskerrak eman dizkio taldeari denboraldian egindako ahaleginagatik eta “zalego handiari” baldintzarik gabeko babesagatik. “Arenas Clubek gertakari garrantzitsu ahaztezina lortu du, Getxoko kirolaren balentria handia, kategoriaz igo eta Getxo, beste behin ere, estatuko futbolaren mapan jartzeagatik. Zaleak eta herri osoa ilusionatu dituzue Bigarren B Mailara azken aldiz igo eta hamar urtera. Badakigu kirolak, futbolak zuen kasuan, ezinbesteko balioak sustatzen dituela zelai barruan eta zelaitik kanpo. Ahaleginik, talde-lanik, konpromisorik eta iraunkortasunik gabe, ez da horrelako helbururik lortzen. Horregatik, zuen ereduak inspiratu egiten gaitu eta, gizarte gisa, hobeak egiten gaitu”, adierazi du alkateak.
Bestalde, Arenas Clubeko presidente Gorka Zurinagak Udalaren harrera eskertu zuen, eta adierazi zuenez, “igoera hau gertakizun garrantzitsu historikoa da, baina kirol arrakasta hori ez da Klubarena bakarrik, Getxo osoaren arrakasta baizik. Arenas hazten denean, udalerri osoa hazten da. Nortasun kolektiboaren sinbolo gara, getxotar asko eta asko batzen gaituen esfortzuaren eta pasioaren isla”.
Aguirrek eta Zurinagak maitasun, oroitzapen eta animozko hitz batzuk izan zituzten Jose Angel Ortega Kali taldeko botileroarentzat, domekan istripu larri bat izan baitzuen igoera bikainaren ospakizunean, eta une honetan egoera kritikoan jarraitzen du.
Bai alkateak eta bai Arenaseko presidenteak konpromisoa agertu zuten etorkizunari begira lanean eta elkarlanean jarraitzeko, etor daitezkeen erronkei aurre egiteko.
"Historikoak", beraz, 1944tik egon den kategoriarik garrantzitsuenean jokatuko du datorren denboraldian, urte horretan 2. mailan aritu baitzen.