Euskarri digitalen eta fisikoen bidez herritarrei gogoratuko diete euskarak tokian tokiko merkataritzan duen garrantzia, besteak beste, gertutasuna eta kalitatea gehitzen dituelako. Zaloa Campillo zinegotziaren arabera, lehen hitzak garrantzi handia du hizkuntzaren normalizazio eta erabileraren handitzeko momentua: “ Gainera kalitatea eta tratu pertsonala eskaintzen dituzten 0 kilometroko produktuekin gure beharretara berehala egokitzen den zerbitzu paregabea eskuratzen dugu. Kanpaina honekin, beraz, bi helburu betetzen ditugu: euskararen erabilpena eta bertako produktuen sustapena. Horregatik, herritarrak dendetan euskaraz egitera animatzen ditugu”, azaldu du Zaloa Campillo zinegotziak.
Inkestak eta opariak
Aurten ere Kaishop Ibiltaria ibiliko da udalerriko kaleetan zehar, Getxoren eta euskararen inguruko galderak herritarrei egiten. Inkesta betetze arren soilik parte-hartzaileek karteratxo bat jasoko dute opari gisa eta Euskararen Laguna Saltokiek emandako produktu batzuen zozketan ere sartuko dira. Horrez gain, Bizkaiko parte hartzaile guztiakaz batera, Eneko Atxaren jatetxean bi pertsonentzako bazkari baten zozketan ere sartuko dira. Aurten nobedade gisa, Getxoko Euskararen Laguna Saltokietan egongo diren karteletako QR kodearen bidez ere bete ahal izango da inkesta.
Inkestatzaileak hurrengo tokietatik eta ordutegietan ibiliko dira:
- Maiatzak 8, Algortako pintxo-poteoan, 19:00etatik 21:00etara
- Maiatzak 10, Areetan, 13:00etatik 15:00etara
- Maiatzak 15, Andra Mariko jaietan, 19:30etik 21:30era
- Maiatzak 22, Berbodromoan, 19:00etatik 21:00etara.
Bestalde, aipatutako karteratxoa Euskararen Lagun Saltokietan euskaraz kontsumitzeagatik ere opari gisa jasoko dute erosleek, “Euskaraz erosteak saria baitauka”. Oraingoan gainera, Euskaraldiagaz bat egingo du Kaishop! kanpainak, elkarren arteko keinuak egiten. Kanpainari buruzko informazio gehiago izateko, Getxoko Udaleko euskara Zerbitzura jo daiteke edo merkataritzagetxo@getxo.eus helbidera idatzi ere.
Euskararen Lagun Saltokiak
Egun Getxon 270 saltoki daude Euskararen Lagun Saltokiak sarean. Sareko 75 establezimenduk Euskaraz barra-barra ziurtagiria dute eta horrek ziurtatzen du zerbitzua euskaraz eskain dezaketela, eta beste 115ek zerbitzua euskaraz eskaini dezakete baina ez ordutegi osoan. Orotara, establezimendu horiek 711 langile dituzte eta horietatik 314 euskaldunak dira eta 112 gehiagok ulertzen dute. Establezimendu hauen mapa eta kokapena hemen aurki daiteke.