Astelehenen martxan jarriko dituzte Bidezabaleko goiko bi arrapala mekaniko berriak

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 9a, 16:14

Bidezabal inguruko arrapala-mekaniko bat. © GETXOKO UDALA

Algortako Bidezabal kalearen goiko aldean dauden bi arrapala mekaniko berriak (3.a eta 4.a) hurrengo astelehenean, hilaren 12an, martxan jarriko dira, hesiak kendu eta eremua garbitu ondoren. Aste-akabuan probaldian egongo dira, baina ezin izango dira erabili.

Bi arrapala berriak, irristagaitzak dira euriari aurre egiteko, eta bandalismoaren aurkako eskudelen gida bat eta led argiztapena dute, koloreen udal sistema zentralizatuargaz koordinatuta hainbat arrazoi solidarioagaz bat egiteko, baita babes elektrikoa ere. Gainera, arrapalen fabrikazioan eta horniduran karbono aztarna murrizten lagundu da, ingurumena zaintzearen alde. Bi arrapala horien aurrekontua 462.220 eurokoa  izan da (%21eko BEZa barne).

Kale horretako behealdean dauden bi arrapalei (1..a eta 2.a) dagokienez, horiek berritzeko proiektua esleipen fasean dago. 610.000 euroko aurrekontua du proiektuak eta arrapalak berriz jartzeko erabakia Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) eta PPk 2025eko udal aurrekonturako lortutako akordioaren ondorioa da. Gogoratu akordio horrek bideragarritasun-azterlan bat jasotzen duela arrapaletako bat proba pilotu gisa estaltzeko (80.000 euroko aurrekontua du), estalita ez dagoenean duen portaeragaz alderatzeko.

Beraz, datozen hilabeteetan Bidezabal kaleko lau ekipoak osorik berrituko direla aurreikusten da. Epeak laburtzeko, hornidurarako eta fabrikaziorako behar den denbora luzea denez, lan batzuk aurreratu dira, hala nola beltxale japoniarra (ligustrum japónica) espezie inbaditzailearen zuhaitzak kentzea eta koniferoak berreskuratzea, aldameneko berdeguneetan birlandatzeko. Ale horiek kenduz, arrapaletan fruitu, hosto eta adar gehiegi erortzeagatiko arriskuak eta afekzioak saihestu gura dira, matxura foku posibleak minimizatzeko. 

Gainera, adierazi behar da datozen 2 urteetarako arrapala mekanikoak mantentzeak, beste bi urtez luzatzeko aukeragaz, 141.570 euroko kostua izango duela urtean. Udaleko arduradun teknikoak, enpresa berriko arduradunakaz batera, egungo ekipoak berrikusten ari dira, beharrak zehazteko eta mantentze lanen planik egokienaren programazioa egiteko, ekipamendu mota horretarako espero diren zerbitzu mailak berrezartzeko; izan ere, gaur egun, batzuk geldirik daude hainbat arrazoirengatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun