Martxan da 2025eko Algortako San Inazio jaietarako kartel lehiaketa

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 13a, 11:15

Udako jaietarako atzera-kontaketa hasi da. Hala, festok iragarriko dituzten kartelen bila hasi dira herri askotan. Besteak beste, Algortako jai-batzordeak abiatu du horretarako lehiaketa. Lanak ekainaren 15era arte aurkez daitezke, algortakojaibatzordea@gmail.com helbidera bidalita. Saninazioak abuztuaren 1ean amaituko dira, baina, iragarri dutenez, hurrengo egunean, abuztuaren 2an, zapatuan, festetako hainbat ekintza egongo dira Algortan, hala nola txipiroien lehiaketa, Algortagraff grafiti erakusketa, herri kirolak eta kuadrillen playback-ak. "Hori dela eta iragarri ditugu jaiak 'Uztailak 29 - Abuztuak 1+' formatuan", azaldu dutenez.

Datorren ekainaren 15ra arte aurkeztu ahal izango dira aurtengo Algortako San Inazio jaiak iragartzeko kartel proposamenak, tokiko jai-batzordeak iragarri duenez. Udalerriko hiru artistak aukeratuko dituzte finalista izango diren proposamenak, eta, ohi denez, herritarrek horietatik gogokoena bozkatzeko aukera izango dute, ekainaren 19an, 18:00etatik 20:00etara, Algortako San Nikolas plazako frontoian.

Irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta jaietako irudia izango da bere lana.

Oinarri guztiak:

Parte-hartzaileak

Edozeinek parte har dezake eta gaia librea da. Egile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake.

Kartelen ezaugarriak

Kartelek 500x620mm neurria (ez-etzana) eduki beharko dute.

Gaia librea bada ere, ondoko goiburuak ipini beharko dira, derrigorrez:

  • Algortako Saninazioak 2025
  • Uztailak 29-abuztuak 1+
  • Jaietan ere euskaraz!

Bestalde, ez da mezu edo irudi sexistarik, homofoborik, arrazistarik edo xenofoborik daukan kartelik onartuko; lan horiek lehiaketatik kanpo geratuko dira zuzenean.

Kartelean Algortako Jai Batzordearen, Getxo Kultur Etxearen eta Getxoko Udalaren logoak txertatu beharko dira.

Aurkezteko epea

Ekainaren 15era arte, ondoko helbide elektronikora bidalita: algortakojaibatzordea@gmail.com

Kartelak zelan aurkeztu

Kartelagaz batera, Word dokumentu bat bidaliko da, egilearen izen-abizenakaz, NAN zenbakiagaz, helbideagaz, telefono-zenbakiagaz eta helbide elektronikoagaz.

Herri-bozketa

Aurkeztutako kartel denen artean, herriko hiru artistek aukeratuko dituzte finalera iritsiko direnak. Azken horiek ekainaren 19an ikusgai egongo dira, 18:00etatik 20:00etara, Algortako San Nikolas plazako frontoian. Gogokoena bozkatzeko gerturatu ahal izango dira herritarrak.

Saria

Kartel-lehiaketaren irabazleak 300 euro jasoko ditu eta jaietako irudia (liburuxketan, karteletan...) izango da bere lana. Zehaztasunak irabazleari jakinaraziko zaizkio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun