Euskaraldia 2025

Irratsaio bateratua egingo du HIRUKAk gaur Algortan, Euskaraldiagaz bat eginez

Erredakzioa 2025ko mai. 15a, 08:41

Irratsaioa Euskaraldiko etxolaren ondoan emitituko da.

Maiatzaren 15ean, eguenean, irratsaio berezi eta bateratua egingo du HIRUKAk Algortako Telletxe plazan, 11:00etatik 13:00etara, Euskaraldiaren etxolaren ondoan. Ekimen hau Bizkaia Irratia, Getxoko Komunikazio Zerbitzua eta Euskaraldia antolatzeko ardura duten eragileakaz elkarlanean antolatu du Uribe Kostako komunikazio-taldeak, euskararen aldeko aldarria kalera ateratzeko asmoz.

HIRUKAk, Bizkaia Irratiak, Getxoko Komunikazio Zerbitzuak eta Euskaraldia antolatzeko ardura duten eragileek (Udala, Egizu eta Bizarra Lepoan) parte hartuko dute irratsaioan; zuzenean entzun ahal izango da Bizkaia Irratiaren bidez, eta publikoari irekita egongo da, aurrez aurre ikusi eta entzuteko aukera emanez.

Ekimenaren helburu nagusiak dira Euskaraldiari eta, oro har, euskararen erabilerari bultzada ematea; herriko komunikabideei ikusgarritasuna ematea eta kalera ateratzea; Getxoko eragile ezberdinei ahotsa ematea; eta herritarrei euskaraz tarte atsegin bat eskaini eta parte hartzeko aukera ematea.

Irratsaioa formatu parte-hartzaile eta dinamikoan egingo da, kalean bertan kokatuko den irrati-estudio baten bidez. Mahaian, komunikabide eta eragile bakoitzeko ordezkari bana arituko da, rol ezberdinak hartuta eta txandaka. Megafonia bidez, inguruko herritarrek saioa entzun ahal izango dute zuzenean.

Halaber, gonbidatu bereziak ere izango dira saioan, hala nola Iñaki Etxegia eta Celeste Agüero musikariak, Tor Magoa, Gure Zirkuko ordezkariak eta Berantzagi taldeko kideak. Hala, musika, magia, elkarrizketak, ikuskizunak eta jolasak uztartuko dituen irratsaioak ikus-entzuleentzako esperientzia atsegin eta dibertigarria eskainiko du, askotariko sorpresakaz batera, betiere euskararen aldeko giroan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun