Getxoko Udaltzaingoak taberna bateko zerbitzari bat atxilotu du Areetan droga trafikoa egotzita

Erredakzioa 2025ko mai. 14a, 09:24

Getxoko Udaltzaingoak Areeta auzoko ostalaritza-establezimendu bateko zerbitzaria atxilotu du droga trafikoko ustezko delitu bat egotzita. Halaber, beste pertsona bat ikertzen ari da, ustez gertakarietan parte hartzeagatik.

Udal-iturriek zehaztu dutenaren arabera, esku-hartzea Ikerketa Unitateak egindako ikerketa batean oinarritzen da, azken egunetan ostalaritzako lokal baten inguruan mugimendu susmagarriak antzeman ostean. Zehazki, establezimendura sartu eta berehala ezer kontsumitu gabe ateratzen ziren pertsonak detektatu ondoren. Hala, etengabeko zaintza-dispositibo bat jarri zen martxan.

Egindako jarraipenari esker, atzo, maiatzaren 13ko goizean zehar, operatibo berezi bat egin zen, eta lokaletik irteten ari ziren hainbat pertsonari substantzia estupefazienteak —haxixa eta kokaina— konfiskatu zizkieten. Pertsona horiek lokalaren barruan erosi zituztela aitortu zuten eta, jarraian, agenteak establezimendura sartu ziren, eta droga trafikoagaz lotutako legez kanpoko jardueraren zantzu argiak aurkitu zituzten. Miaketan droga dosi batzuk, eskudirua (billeteak eta zatikatutako txanponak), doitasun-baskula bat eta aztertzen ari diren beste elementu batzuk konfiskatu zituzten.

Operazioaren ondorioz, establezimenduko zerbitzaria, 59 urteko gizona, atxilotu zuten eta 39 urteko beste gizon bat ikertu, ustezko laguntzaile gisa. Lokala zigilatu egin zuten, eta atxilotua epailearen esku jarriko dute datozen orduetan.

"Udaltzaingoaren jarduera zorrotz, diskretu eta eraginkorrari esker, udalerrian droga banatzeko gune posible bat desegin ahal izan da", azpimarratu dute iturriek: "Horrelako esku-hartzeek Getxoko Udaltzaingoaren konpromisoa indartzen dute getxotarren segurtasunarekin eta ongizatearekin, eta agerian uzten dute eguneroko lanak auzoetan duen garrantzia".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun