Adimen Artifiziala

Getxoko udal-liburutegiek lupa adimendunak dituzte ikusmen-arazoak dituzten herritarren inklusiorako

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 15a, 09:17

Lupa adimenduna. © LUP S. Coop

Getxoko udal-liburutegiek teknologia berritzailea jarri dute herritarren eskura irisgarritasuna hobetzeko eta kultura eskuragarriago bihurtzeko asmoz. Bizkaian 17.800 pertsona baino gehiagok ikusmen-urritasunen bat dute, INEren arabera, eta horietako askorentzat eguneroko jarduerak, hala nola irakurtzea eta informazioa kontsultatzea, erronka bihurtu dira. Hala, horri erantzun guran, LUP euskal startup-ak sortutako lehen lupa adimenduna jarri dute eskuragarri udalerriko hiru liburutegitan.

Algortako Villamonte eta San Nikolas liburutegietan, eta Romoko Romo Kultur Etxean daude eskuragarri erreminta hauek. Gailua txikia da, poltsikoko tamainakoa, eta testuen irudiak hartu eta automatikoki ahots bihurtzen ditu, hainbat hizkuntzatan, euskara barne, ikusmen urritasuna duten pertsonek informazioa entzuteko aukera izan dezaten.

"Ohore bat da Getxoko liburutegiek gure lupak txertatzea milaka pertsonen beharrei erantzuteko. Proiektu hau hemen sortu eta gure komunitatean eragin positiboa izatea motibazio iturri da guretzat", azaldu du Eneko Calvok, LUP enpresako sortzaileetako batek.

Ekimen honek, irakurketara sarbidea errazten die ikusmen-zailtasunak dituzten pertsonei, eta inklusioaren aldeko urrats garrantzitsua da. "Inklusiorako dugun konpromisoa berresten dugu. Liburutegiek eboluzionatu behar dute, eta teknologia honen txertaketa progresiboa egokitzapen horren parte da. Proiektuak arrakasta badu, gailu gehiago jarriko ditugu herritarren esku", adierazi du  Susana Barreiro Ugartek, Getxoko liburutegietako arduradunak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun