Euskaraldia 2025

Berbodromoak Irune Etxebarria Atxa gogoratuko du maiatzaren 22an

Erredakzioa 2025ko mai. 15a, 10:20

Iazko saioa.

Datorren eguenean, hilaren 22an, egingo duten Berbodromoak urtetan bidelaguna izan den eta joan den martxoan hil zen euskaltzale getxoztarra gogoratuko du. Ohi legez, saio bi egingo dituzte, goizean, 09:00-11:00, Algortako San Nikolas plazan; eta arrastian, 18:00etatik aurrera, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Ekimena Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteek eta udalerriko euskaltegiek antolatu dute, Udalaren laguntzagaz.

"Berbodromoa Irune Etxebarria Atxaren omenez" izango da aurten euskararen erabilera indartzea eta indar erakustaldia egitea helburu duen ekimenaren XIV. edizioaren izena, urtetan bidelaguna izan den eta pasa den martxoan hil zen euskaltzale getxoztarra gogoratzeko.

Ohi bezala, euskara ikasten ari direnak, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi dutenak eta euskaldunak elkartuko dira taldeka, euskaraz eta euskara partekatzeko, jai giroan eta giro atseginean. Talde bakoitzean bost pertsona egongo dira, dinamizatzailea eta lau lagun, eta gai bakoitzari buruz 15 minutuz mintzatuko dira. Gai baten eta bestearen artean, parte hartzaileak mahaiz mugituko dira, mintzakidez aldatuz.

Aurtengo gaiak hurrengoak izango dira:

  • Oroitzapenak eta bizitzan egin beharrekoak.
  • Estereotipoak, topikoak eta aurreiritziak.
  • Euskara eta Euskaraldia.

Egunari amaiera emateko, 19:30etik aurrera, Kantu jira izango da Kresaltxu kanta taldeagaz Romoko kaleetatik zehar.

Parte hartu gura duten pertsonek izena eman beharko dute, labur.eus/berbodromoa2025 helbidean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun