Euskaraldia 2025

Algortako Dendak Euskaraldira batu da, euskararen alde

Babestutako edukia 2025ko mai. 16a, 10:20

Algortako Dendak merkatarien elkarteak bat egin du Euskaraldiaren laugarren edizioagaz, "Algortako dendak euskararen alde" kanpainaren bitartez. Kanpaina, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapen Sailaren laguntza du, eta maiatzaren 15etik 25era egingo dute.

Euskaraldiak euskararen erabilera sustatzea eta tokiko merkataritzak euskararekiko duen konpromisoa ikusaraztea du helburu. Horretarako, parte hartzen duten establezimenduek erakusleihoetan Euskaraldian hartutako rola (Ahobizi, Belarriprest edo Irribizi) erakutsiko dute tokiko artista batek eskuz margotutako diseinuen bidez, ibilbide komertzial sortzaile eta identitatez betea sortuz.

Apainketaz gain, Euskaraldiak irauten duen egunetan, atxikitako establezimenduek 5.000 paper-poltsa pertsonalizatu baino gehiago banatuko dituzte bertan erosketak egiten edo kontsumitzen dutenen artean. Kanpainak sare sozialetan ere eragina izatea bilatuko du, parte hartzen duten negozioakaz bideoak argitaratuz.

Ekimen honegaz, Algortako Dendak elkarteak tokiko kulturagaz eta herritarren eguneroko bizitzan euskararen erabilera normalizatzeagaz duen konpromisoa berretsi gura du.

Algortako Dendak

Algortako Dendak irabazi-asmorik gabeko elkartea da, eta Algortako merkatariak elkartzeko asmoz sortu zen, haien interesak babesteko. Momentuan, elkarteak 83 bazkide ditu eta bere baitan sektore askotako saltokiak aurki daitezke: ehungintzak, loradendak, etxetresna elektrikoak, bitxi-dendak, burdindegiak, zapata- dendak, eta abar.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun