Eskola-orduz kanpoko euskarazko jarduerak eta euskal kultura sustatzeko diru-laguntzak eskatzeko epea ireki du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2025ko mai. 19a, 10:49

Maiatzaren 30era arte zabalik egongo da euskara sustatzen duten eskola-orduz kanpoko jardueren proiektuetarako diru-laguntzen urteko deialdira aurkezteko epea. Horietarako, Getxoko Udalak 42.000 euro onartu ditu, bost ildotan banatuta.

Getxoko Udalak 42.000 euro onartu ditu euskara sustatzen duten eskola-orduz kanpoko jardueren proiektuetarako.Hizkuntza-murgiltze laburreko jarduerak laguntzeko 5.000 euro izango dira, hala nola barnetegiak edo eguneko irteerak. Horrez gainera, 10.000 bideratuko ditu aldi luze batean euskararen erabilera aktiboa bilatzen duten ekimenak bultzatzeko, esate baterako antzerkia, bertsoak edota berbodromoak. Errefortzu klaseetarako 7.000 euro bideratuko ditu, eta, 15.000 euro, euskaraz garatzen diren ohiko jardueretara, horien artean, robotika, dantza, sukaldaritza, zirkua, yoga futbola, saskibaloia eta xakea. Azkenik, 5.000 euro, Euskararen Egunari begira euskal astea bezalako ekitaldiak antolatzeko.

Bestalde, Udalak 42.557 euro onartu ditu euskal kultura sustatzeko jarduerak egiten dituzten elkarte, erakunde edo enpresarentzat, euskaraz bizi gura duten herritarrei horretarako aukerak bermatze aldera, ESEP, Euskara Sustatzeko Ekintza Plan Estrategikoak jasotzen duenaren arabera.

Lehenengo ildoak 11.760 euro banatuko ditu euskarazko jarduerak antolatzeko lokal baten gastuetan laguntzeko; bigarrenak, 2.625 euro, San Juan jaia antolatzeko gastuak ordaintzeko; hirugarrenak, 21.472 euro, auzoetako Olentzeroak antolatzean sortzen diren gastuetan laguntzeko; laugarrenak, 4.200 euro, Euskal Herriko gazteei Getxo eta bere kultura ezagutzera emateko; eta bosgarrenak, 2.500 euro, Getxoko gazteei Euskal Herria eta euskaraz egiten den kultura ezagutzera emateko.  

Ildoetarako eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 6tik 15era (barne) egon da zabalik, hirugarren ildorako izan ezik, hori urriaren 16an amaituko baita.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun