Harrera ereduei buruzko urteko topaketa egingo dute ekainaren 7an Romo Kultur Etxean

Erredakzioa 2025ko mai. 20a, 09:13

Zurrumurruen kontrako topaketa bat, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Harrera ereduari buruz hausnartzea eta eztabaidatzea izango da ekainaren 7an Romo Kultur Etxean Getxo Antirrazista topaketaren helburua. Izen bereko udal programaren eskutik, hainbat erakunderen laguntzagaz antolatuta dago, eta udalerriko harrera-ekimenak entzuteko eta ikusarazteko gunea izango da, baita inspirazio iturri izan daitezkeen beste leku batzuetako proposamenak ere. Jardunaldia 10:00etan hasiko da.

Harrera egiteko moduez eztabaidatzeaz gainera, eragile komunitarioek arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borrokan egiten duten gizarte-ekarpena aitortuko da. "Oso garrantzitsutzat jotzen ditugu gure udalerriko harrera-eredu komunitarioa balioestea eta ikusaraztea, beste proposamen batzuk entzutea eta horiei buruz eztabaidatzea, eta zalantzak eta kezkak partekatzea. Horrela, komunitario, kulturarteko eta arrazakeriaren aurkako jarduerarekin jarraitu ahal izango dugu baita ikasi ere”, nabarmendu du Mihaela Jilavu Kulturartekotasun eta Immigrazio Zerbitzuko zinegotziak.

10:00etan hasiko den jardunaldian hurrengoek parte hartuko dute: Aichetu Yeslem Getxoko Migrazioaren Harrera eta Arretarako Bulegoko teknikariak, Asier Arpide Pertsonalde elkarteko proiektuen zuzendariak, Lola Boluda "Ongi Etorri Eskolara" proiektuaren sortzaileak eta Fernanda Candida SOS Arrazakeria Gipuzkoako "Mentoría entre jóvenes migrantes y universitarios" proiektuaren ordezkariak. Emi Larrondo ikerlaria eta ekintzaile feminista eta arrazakeriaren aurkakoa izango da jardunaldiaren bideratzailea.

Parte hartu gura dutenek izena eman beharko dute antirumores@getxo.eus helbide elektronikoan edo 662 425 662 zenbakian. Adinez txikikoak zaintzeko zerbitzua izango da, behar izanez gero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun