Getxoko Udalak EH Bildu zigortu du Palestinari elkartasuna adierazteko mural bat egiteagatik

Ander Zarraga 2025ko mai. 23a, 14:31

Getxoko EH Bilduk jakitera eman duenez, Udalak isun ekonomikoa ezarri dio, 2024ko azaroaren 29an, Palestinar Herriarekiko Elkartasunerako Nazioarteko Egunean, Villamonteko eskaileretan Palestinaren bandera marrazteagatik. Udal-zerbitzuek horma-irudia egin eta hiru egunera ezabatu zuten. Gertaera salatzeko elkarretaratzea egingo dute hilaren 28an, 20:00etan, eskaileretan bertan. 

Koalizio abertzaleko iturriek azaldu dutenez, eskaileretako murala margotu eta sei hilabete geroago, EAJren eta PSE-EEren gobernu-taldeak EH Bilduri zigor ekonomikoa ezartzea erabaki du ekimen horrengatik. EH Bilduk salatu duenez, Udalaren erabakiaren helburua "Palestinako herriarekiko elkartasuna kriminalizatzea eta Palestinarekiko babes adierazpenak zigortzea da".

Halaber, gogoratu dute Udala ez dela gai izan "Gazan eta Zisjordanian bizi den egoerari inolako elkartasunik adierazteko: are gehiago, azken urtean, genozidio bat zuzenean ikusten ari garen bitartean, EAJren eta PSEren Gobernu Taldeak ildo honetatik EH Bilduk aurkeztutako proposamen guztiak baztertu ditu". Horren adibide dira, besteak beste, EH Bilduk aurkeztutako mozioa, bozeramaile batzordea batzeko eskaerari uko egitea, edo 2025eko udal-aurrekontuetan Palestinari laguntza humanitarioa bideratzeko emendakinari kontra bozkatzea.

"Ez dugu ulertzen Getxoko Udalak Palestinarekiko hartu duen jarrera ezkor hau, beste herri batzuetan alderdien arteko adostasunak lortu direnean, edo nazioarteko beste gatazka batzuen aurrean, Ukrainako gerra kasu, Getxoko Udalak berak bultzatutako kontzentrazioak deitu direnean gerra gaitzesteko eta Ukrainako herriari solidaritatea adierazteko", adierazi dute alderdi soberanistako kideek.

Era berean, deitoratu dute Getxoko gobernu-taldeak Palestinari elkartasuna adierazi beharrean prest dagoela "Palestinaren aldeko aldarriak zigortzeko, azken urtean 50.000 hildako eta milaka desplazatu egon diren arren".

Zigorrak gorabehera, EH Bilduk azpimarratu du ez diotela Palestinari buruz hitz egiteari utziko eta palestinar herriari solidaritatea eta babesa adierazten jarraituko dutela, baita Israeleko gobernua egiten ari den genozidioa salatzen ere. Era berean, gertatutakoa gizarteratzeko eta palestinarrei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 28an, 20:00, Villamonteko eskaileretan bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun