GetxoBono bueltan da 20 euroko erosketa minimoaren baldintzagaz

Erredakzioa 2025ko mai. 27a, 12:23

GetxoBonoko lehen epealdi horretan 16.070 bonu jaulkiko dira.

Aurten, berriz ere, Getxoko Udalak 278.600 euro inbertituko ditu tokiko merkataritza txikia suspertzeko eta merkataritza eta zerbitzuen sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko GetxoBono kanpainagaz. Berritasun berri bat dago: bonuak aurreko kanpainetako baldintza berberetan trukatzeko, kontsumitzaileek gutxienez 20 euroko erosketa egin beharko dute maiatzaren 27tik ekainaren 14ra bitartean kanpainari atxikitako establezimenduetan. 

GetxoBonoko lehen epealdi horretan 16.070 bonu jaulkiko dira, 5 eta 10 eurokoak. Getxolan-Ekonomia Sustapeneko zinegotzi Juanma Gonzalezek adierazi duenez, “edizio berri honi begira, bada berritasun bat, hau da, bonuak aurreko kanpainetako baldintza berberetan trukatzeko, kontsumitzaileek gutxienez 20 euroko erosketa egin beharko dute maiatzaren 27tik ekainaren 14ra bitartean kanpainari atxikitako establezimenduetan. Erosketa horiek trukerako eskubidea emango dute, eta, beraz, eragiketa hori egiten ez duena ezin izango da ondoren GetxoBonoen onuradun izan".

Truke-aldian, ekainaren 17tik aurrera (eta bonuak agortu arte), 10 euroko deskontua aplikatuko zaio 40 eurotik gorako erosketa bati, edo 5 eurokoa 20 eurotik gorako erosketa bati. Lagun bakoitzak 3 deskontu-bonu izango ditu gehienez, 10 eurokoak, eta beste 3, 5 eurokoak. 

Kanpaina honetan, GetxoBonoa kasu hauetan soilik aplikatuko da:

  • Ile-apaindegietan eta estetika-zentroetan: produktuetan baino ez.
  • Farmazietan: botikak ez diren produktuetan baino ez.
  • Estankoetan: ez dira aplikagarriak tabako-erosketetan.
  • Optiketan: gastu- eta ordainketa-eragiketa kanpainaren datetan erregistratu beharko dute. Ez da onartuko kanpaina hasi aurreko datetako eskaerarik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun