Kulturen arteko Koultour topaketa egingo dute Getxon ekainaren 21ean

Nahia Martinez Gondra 2025ko mai. 27a, 16:41

18 urtetik gorakoentzat hainbat kirol jarduera egongo dira.

Kultur aniztasuna ospatzea eta balioestea da Koultour ekimen berriaren xede nagusia, elkartrukerako eta elkarbizitzarako guneak kirolaren bidez sustatzeagaz batera. Ekitaldia ekainaren 21ean egingo dute Romo ikastetxe publikoan, Getxoko Udalak antolatuta. Halaber, San Nikolas Zabalik, Sortarazi eta Pertsonalde erakundeen laguntza izango du.

Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Erakundearen Agentziaren (ACNUR) arabera, errefuxiatuen kopurua % 20 igo da (milioi erdi pertsona), lekualdatze masiboko egoerak luzatzeagatik eta klima-aldaketaren ondorioengatik.

“Ekimen hau nabarmendu eta balioetsi nahi dugu, kultura artekotasuna sustatzen baitu kirola ardatz hartuta kulturen arteko topaguneak sortzeko. Kirola, bere izaera inklusiboagatik eta emozio eta esperientzia partekatuen bidez loturak sortzeko duen gaitasunagatik, tresna indartsua izan daiteke kulturen arteko eta arrazakeriaren aurkako bizikidetza sustatzeko. Aurreiritzirik eta diskriminaziorik gabeko ingurune baten eraikuntza bultzatu nahi da”, azaldu du Mihaela Jilavu Kulturartekotasun eta Immigrazio Zerbitzuko zinegotziak.

10:00etan hasiko den jardunaldian 18 urtetik gorakoentzat hainbat kirol jarduera (futbola, saski baloia, herri kirolak…) izango dira, musikagaz eta herri bazkari bategaz. Amaitzeko, arrazakeriaren kontrako manifestu bat irakurriko dute , sorpresak izango dira eta sariak banatuko dituzte bertaratutakoen artean.

Futbol eta saski baloiaren jardueretan eta bazkarian parte hartu nahi duten pertsonek doako izenematea egin beharko dute hemengo loturan, tokiak mugatuak direlako. Informazio gehiago: torneofutbol@getxomail.com .

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun