Era berean, gobernu-taldeak prozedura bat hasteko konpromisoa hartu du egoera horren arrazoiak ezagutzeko. Gainera, hutsik dauden etxeen jabeei Udalak, Eusko Jaurlaritzak edo bestelako administrazioek eskuragarri jarri dituzten neurrien informazioa emango zaie, etxebizitzak ekimen publikoen bitartez alokatzeko moduan jar ditzaten.
Errolda eguneratu eta gero, eta hutsik dauden etxeak ez erabiltzeko arrazoiak egiaztatu ondoren, EAEko Etxebizitza Legea aplikatuko dute hutsik dauden etxebizitzen adierazpenaren baldintzetan eta berme juridiko guztiakaz. Horri lotuta, Alvaro Gonzalez hirigintza-plangintzako zinegotziak hau esan zuen: “Asmoa araudia orekatuta eta zorrotz aplikatzea izango da, jabetza pribatuaren eskubidea eta bere gizarte-funtzioa errespetatzea, eta kontuan hartzea etxeak hutsik egotearen askotariko arrazoiak (hainbat arrazoi nahi gabekoak dira). Kasu bakoitzaren konplexutasuna abiapuntutzat hartuko dugu eta irtenbide errealak bilatuko ditugu”.
Martiturri
Beste alde batetik, udal gobernuak (EAJk eta PSE-EEk) eta PPk alde bozkatuta, EH Bildu abstenituta eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatuta, onetsi egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskaria egungo BI-3737 foru-errepidearen tartea (Ormaza biribilgunetik Berangoko mugaraino) eta Plentziara doan BI-3737 errepide zaharreko zatia lagatzeko (Villaverde auzokoa).
Eskari hori egin dute Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzeko eta Martiturriko enpresa-parkea garatzeko. Aurreikusi dute bertan "balio-erantsi handiko" enpresak instalatuko direla Getxon "kalitatezko enplegu erakargarria" sortuz, 2024-2027 Legegintzaldi Planean jasota dagoenaren arabera.
Elkarrekin Podemosek esan zuen ez duela HAPO aurreratzearen aldeko ezer bozkatuko horren aurka baitago, eta PPk, bere aldetik, azpimarratu zuen "inguru horretako bizilagunen % 90 proiektuaren alde" daudela. Alvaro Gonzalez hirigintza-antolamenduko zinegotziak esan zuenez, “Martiturri eta enplegua garatzeko nahitaezkoa da errepidean eta teknikoki beharrezkoak diren espazioetan jardutea. Horretarako, udalarenak izan behar dira. Horri esker, Errotatxuko eta Martiturriko sarbideak eta bidegorriak berrantolatu egingo dira eta zonako trafikoa baretu egingo da”.
Beste mozio batzuk
Jenderik gabeko etxebizitzei buruzko mozioaz gain beste hiru onartu zituzten. Aho batez onartu zuten Elkarrekin Podemosen proposamena, eta EAJk eta PSE-EEk transakzionatu zutena, Getxon garatzen diren hiri-udalekuen (udal-arloen ekimenez edo udalarekin lankidetzan aritzen diren erakundeen ekimenez antolatzen direnak) eskaintza osoaren informaziorako sarbidea bateratzeko, udal-webgunean eta Getxoberrin sarbide espezifiko bat eginez; eta inskripziorako izapideak bateratzearen eta erraztearen alde lan egingo da.
Gainera, PPren aldeko botoakaz bakarrik (beste taldeak abstenitu egin ziren), popularrek planteatutako mozio biri oniritzia eman zitzaien: lehenengoa, nagusientzat edo mugikortasun murriztua edo aniztasun funtzionala dutenentzat egokitutako bizikleta-zerbitzua sortzea aztertzeko (taldeko aisialdi-programekin) eta, bestea, udalerriko kaleetako eta plazetako seinaleak hobetzeko neurriak ezartzeko.
Palestina, eztabaidagune
Ez zuten onartu, aldiz, EH Bilduk Palestinari elkartasuna adierazteko, Israelen genozidioa bukatzea aldarrikatzeko eta Metro Bilbaok Israelgo segurtasun-enpresa baten kontratazioa indargabetzeko aurkeztu zuen mozioa, baina, hala ere, Palestinako egoera oso presente egon zen eztabaidan.
EAJ eta PSE-EE mozioaren lehen zatiaren alde agertu ziren, eta kondenatu zuten Israel Gazan egiten ari den justifikaziorik gabeko eraso militarra. Era berean, indarkeria berehala bukatzeko eskatu zuten, baina azpimarratu zuten juridikoki ez dela bideragarria kontratu bat indargabetzea planteatzea "Metro Bilbao, erakunde publikoa den heinean, Sektore publikoaren kontratuen legeari atxikita baitago". PPk ez zuen iritzirik eman, baina koalizio abertzalea gogor kritikatu zuen, "ETAren genozidioa" babestu izan zuelakoan.