Sonia Bouso, Eider Moreno eta Maria Aztiria artisten proposamenak hautatu dituzte Getxoarte Egonaldi-beketarako

Erredakzioa 2025ko eka. 3a, 10:53

Hiru artisten lanen muntaia. © GETXO KULTURA

Getxoarte Egonaldi-beken seigarren edizioko epaimahaiak aste honetatik aurrera Romo Kultur Etxean bost astez garatzen hasiko diren hiru ikerketa proiektuak aukeratu ditu. Sonia Bouso, Eider Moreno eta Maria Aztiria artisten proposamenak hautatu ditu oraingoan, eta 5.000 euro bana jasoko dituzte euren ikerketak egiteko. Gainera, lana amaitu ondoren, hiru proiektuetako bat aukeratuko dute, azaroan ekoitzi eta zentro bereko erakusketa-aretoan erakusteko. Horretarako, 10.000 euro bideratuko dizkiote aukeratutako artistari.

Lehenengo proiektua, Sonia Bousoren Cartografías de lo ausente izeneko proposamena da, mundua ulertzeko eta interpretatzeko zientziaren eta artearen ezinbesteko izaeran oinarritua. Naturarekiko loturatik, kartografiarekiko pasiotik eta ikebanaren (lore apainketa japoniarra) artearekiko erakarpenetik abiatuta, artistak Getxoko ondare natural eta geologikoari buruzko hainbat esku-hartze artistiko iragankor egitea planteatzen du, gerora argazkien bidez islatuko liratekeenak. Javier Elorzak Getxoko ondare natural eta kulturalari buruz egindako ikerketa geologiko bat abiapuntutzat hartuta, artistak formazio geologiko desberdinek eragindako paisaien bilaketa proposatzen du.

Bigarrenak, Eider Morenoren Apurtu argazki-proiektuak, Lemoizko zentral nuklearraren irekierak 70-80ko hamarkadetan sortu zuen gatazka sozialean sakontzea du helburu, indarkeria sozialeko ekintzak eta paisaian oraindino irauten duen azpiegitura bat eraikitzeak ekarri zuen indarkeria naturala kontrajarriz. Artxibo historiko-fotografikoa eta memoria erreferentzia nagusitzat hartuta, sortzaileak ibilbide bisuala proposatzen du, gaiak eskatzen dituen konplexutasunari eta sentsibilitateari aurre egiteko erronka duena. Horretarako, apurtutako irudia erabiltzen du, pixelatua, haustura eta proportzionaltasun eza erakusteko gai dena, indarkerien arteko konfrontazioa azpimarratzeko balio duena.

Azken proposamenak, Maria Aztiriaren eskutik, Formas de convivencia du izenburua, eta Getxoko eguneroko bizitzaren parte den aniztasunari balioa eta ikusgarritasuna ematea du helburu, udalerrian elkarregaz bizi diren istorioen, jatorrien eta bizimoduen aberastasunari balioa emanez. Forma geometrikoetan eta koloreetan oinarritutako proposamen artistiko baten bidez, proiektuak nahasketa hori ikusarazi gura du, tokiko identitatearen funtsezko zati gisa. Abstrakzio geometrikotik abiatuta, pertsona desberdinek espazio bera nola partekatu, elkarregaz bizi, hitz egin eta eraiki dezaketen irudikatzea da asmoa. Hori guztia islatzeko, artistak formatu handiko horma-irudi bat planteatzen du, baita tamaina txikiagoko lanak ere, ikusizko lengoaia bera duten arren, tamaina aldakorragoetara egokituko direnak.

Ikusarazte artistikoa

Getxoarte beken bidez, Getxo Kulturak praktika artistiko garaikideen inguruko ikerketa ez-formaleko prozesuak eta espazioak ikusarazi gura ditu, sortzaileen lana sustatzen ere lagunduz eta artearen eta kulturaren arloko beste artista eta profesional batzuekiko interakzioa erraztuz. Gainera, lan artistikoan bitartekaritzaren aldeko apustua egiten du, proiektu guztiek proposamen bat jaso behar baitute, bertan aurreikusitako obra herritarrei hurbiltzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun