Getxophotoren aurtengo proposamenak behar bezala ezagutzeko euskarazko bisita-gidatuak eskainiko dituzte

Ander Zarraga 2025ko eka. 4a, 15:16

Getxophotoko bisita gidatuetan artisten eta euren motibazioen inguruko xehetasunak ezagutzeko aukera ematen dute.

Getxoko irudi garaikidearen nazioarteko jaialdiaren artistak eta euren lanak bertatik beratara ezagutzeko Ibili bisita gidatuen programazio berezia eskainiko dute aurten ere. Hala, aurtengo jaialdiak eskaintzeko duena euskaraz ezagutzeko aukera ere egongo da Beñat Krolemen gidaritzapean.

Egunez, gauez, familian, taldean eta barikutik domekara egingo dituzten bisita gidatu horietan Getxoko puntu desberdinetan kokatu dituzten erakusketak begirada berri bategaz aintzat hartzeko aukera eskainiko dute: testuingurua, artistak eta euren motibazioak.

Batetik, ekainaren 6an, barikuan, bisita gidatua egingo dute Algortako informazio-puntutik abiatuta, 21:30ean, Ereagoko lorategian 23:00etan bukatzeko.

Bestetik, ekainaren 15ean, domekan, hondartzako erakusketatik egingo dute bisita gidatua, 11:30ean, Begoñako galerietatik abiatuta. Bisita Algortako kasinoan bukatuko dute ordu bi beranduago.

Azkenik, ekainaren 21ean, zapatuan, Algortako erdigunean dauden argazkietatik txangoa egingo dute, 11:30ean, Algortako azokan hasita. Bisita bi ordu beranduago bukatuko dute kasinoan.

Bisita hauek bost euroko prezioa dute, eta parte hartzeko aurrez izena ematea beharrezkoa da. Izena emateko eta bisiten inguruko informazio guztia jasotzeko jo Getxophotoren orrialdera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun