Ekainaren 23tik 30era

Zinegoak jaialdiak disidentzien erresistentzia eta estimu-sareak azaleratuko ditu

Babestutako edukia 2025ko eka. 11a, 11:36

Jaialdiaren 22. edizioa da aurtengoa. © ZINEGOAK

Beste behin, ekainaren 23tik 30era bueltan izango dugu Zinegoak, Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Hala, aurten disidentzietatik sortutako erresistentzia eta afektuen sarea nabarmendu gura dute, eta horretarako, 50 jarduera baino gehiago izango dira Bilbon. Halaber, jarduerak Uribe Kostara ere hurbilduko dira: ekainaren 26an, Getxoko Muxikebarri kulturgunean Hermafroditas a caballo o la rebelión del deseo antzezlana izango da, Raquel Loscosek eta Victor Ramirezek zuzendua. Pieza horren bidez, intersexualitateari ikusgarritasuna eman gura diote. 

Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak 22. edizio honetako berrikuntza nagusiak azaldu ditu: "Aurten disidentzietatik sortzen ditugun erresistentzia eta afektuen sareetan jarri dugu arreta, egitura tradizionaletatik haratago doazen ereduak birpentsatu ahal izateko. Erresistentziarako, afektuetarako eta aniztasuna onartzeko espazioak dituzten egiturei begiratzea bilatzen dugu. Zapalkuntza-sistemei aurre egiten dieten errealitate desberdinak batera dauden espazioak". Aurtengo kartela, Natalia Lisinicchiak egina, horren isla da.

Jaialdiak daborduko bere programazio ofiziala aurkeztu du eta aurten ere kulturagaz eta sexu-aniztasunagaz lotutako 50 jarduera baino gehiago egingo dituzte Bilbon. Egitarauak proiekzioak, arte eszenikoak, topaketak, jardunaldi profesionalak, jaiak eta askoz gehiago batzen ditu. Halaber, horiek jaialdiko ohiko egoitzetan gozatu ahalko dira, besteak beste, Bilborocken, Golem Alhondigan, BilbaoArten, Biran, Sareanen, Arriaga Antzokian, La Sinsorgan edo Guggenheim Museoan. 

Alabaina, Zinegoak Uribe Kostara ere helduko da. Getxo Kulturak antolatuta, ekainaren 26an Getxoko Muxikebarri kulturgunean Hermafroditas a caballo o la rebelion del deseo antzezlana izango da, Raquel Loscosek eta Victor Ramirezek zuzendua. Pieza hau oihu eszeniko bat da, antzerki dokumentala eta freak show nahasten duena, intersexualitatea ikusarazteko.

Edukiak

Film luzeen sail ofizialean 15 film lehiatuko dira jaialdiaren ohiko hiru sailetan: FIK, DOK eta KRAK (narratiba berriak), Brasil, India, Argentina, Kolonbia, Estatu Batuak, Norvegia, Kroazia eta Herbehereetakoak, besteak beste. Arenzanak horietako batzuk nabarmendu ditu: "Truth or Dare filmak sexu-topaketa onartuei, kontzienteei eta taldekakoei buruzko hausnarketa bat erakutsiko digu; amatasun-prozesuetako zailtasunak, Der Wunsch (Love Alone Can 't Make A Child) zintak erakusten digun bezala; Brigitte Planeta B dokumental kolonbiarrak planetaren kultura-aniztasunari buruz beste logika batzuetatik hausnartzera gonbidatuko gaitu, etab." .Film horietako hainbat zinemagile eta protagonista izango ditugu gurekin jaialdian, beren lanak in situ aurkezteko.

Edizio honetan, trans infantziak bereziki presente egongo dira, ez bakarrik sail ofizialaren bidez, Avenida Beira-Mar, filmagaz, baita ekainaren 21ean, zapatuan, ZiNaizen galargaz ere.

Sail ofizialean lehiatuko diren 30 film laburrei dagokienez, "Haurtzaroa eta Nerabezaroa" eta "Emakume Zuzendariak" ohiko zikloez gain, edizio honetan Zinegoakek hiru ziklo berri izango ditu: "Maitasun sareak" eta "Erresistentzia eremuak". Horietan, gorroto-diskurtsoak areagotzearen aurrean borroka politiko aktiboa mantentzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaituzte; eta "Geroa oroimenetik", iraganari begiratuko diogu etorkizun kontzienteagoa eraikitzeko.

Inaugurazio gala

Jaialdia ekainaren 23an hasiko da ofizialki, Arriaga Antzokian egingo den inaugurazio-galagaz (gonbidapenak antzokiaren webgunean eskura daitezke). Nerea Arriolak eta Divina Comediak aurkeztuko dute ekitaldia, Esanezin musika taldea arituko da eta Zero Chou zuzendari taiwandarrak Zinegoak 2025 Ohorezko Saria jasoko du, DAMAk babestua. Gainera, bere lanari buruzko atzera begirako bat izango dugu, Taiwango Kultura Ministerioaren lankidetzari esker.

Ekitaldiaren ondoren, Jone, batzuetan filmaren estreinaldia izango dugu Euskadin. Sara Fantova zuzendariaren opera prima da, eta FIK sail ofizialean lehiatuko da. Aurten ere, Zinegoakek hainbat euskal ekoizpen izango ditu jaialdian. Fantovaren lanaz gain, sei euskal film laburrek parte hartuko dute Zinegoaken: ¿Donde estas? (Marina Moreno Novoa), Judoka (Ander Iriarte), Maitemina (Erik Rodriguez Fernandez), Inkognita (Julen Gorosabel), Azkena (Ane Ines Landeta, Lorea Lyons) eta La raiz (Isabel Sáez Pérez).

3, 2, 1... Zinegoak!

Jaialdia ofizialki hasi aurretik, ekainaren 18tik 22ra bitarteko asteburuan, "3, 2, 1... Zinegoak!" antolatuko dugu hainbat jardueragaz Bilboko hainbat aretotan. Ekainaren 18an hasiko da Sarean gunean, Buddies (1985, Arthur J. Bressan Jr) filmaren proiekzioagaz. Eguenean, ekainaren 19an, Guggenheimen, Onda Nova (1983, Icaro -Francisco C.- Martins, Jose Antonio Garcia) pelikulaz gozatzeko aukera izango dugu.

Hilaren 20ko arrastian saio bikoitza izango da: Primeran plataformaren eskutik Smoggie Queens telesailaren aurrestreinaldia eta Gauak taldearen kontzertua Sarean aretoan. Zapatuan, hilak 21, ekitaldiz beteta egongo da goizetik gauera arte: 12:30ean Sinsorgak lesbofobiari buruzko solasaldia hartuko du Ekuatore Ginean; arrastian ZiNaizen gala ospatuko da, Dantzertiren Kaltetuen Elkartea lanaren estreinaldia eta Biran "RRR! Errebeldeak, errelatoak eta erritmoak", aurkezpenak, performanceak eta dj-ak. Azkenik, hilaren 22an, domekan, Zero Chou ohorezko sariaren obra ezagutzeko aukera izango dugu, Bilborocken, Irantzu Varelagaz egindako elkarrizketa batean.

Natalia Lisinicchiak egindako kartela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun