Hainbat jarduera antolatu dituzte Getxon LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunaren harira

Erredakzioa 2025ko eka. 16a, 12:00

Artxiboko irudia.

Herritarrak sexu- eta genero-aniztasunaren inguruan sentsibilizatzea, eta LGTBIQ+ pertsonek aurre egin behar dieten diskriminazio- eta kalteberatasun-egoerei buruzko bizipen indibidual eta kolektiboak ikusaraztea eta baita orain arte egindako aurrerapenak aitortzea eta ospatzea ere izango dira ekainaren 28an ospatuko den LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta Getxoko Udalak antolatutako ekitaldien helburuak.

Ildo horretan, Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak nabarmendu duenez, “Udalak berdintasunarekin, ikusgarritasunarekin eta pertsona guztiekiko errespetuarekin dugun konpromisoa berresten du. Jarduera horien helburua ez da sentsibilizatzea bakarrik, baita LGTBIQ+ pertsona guztiek askatasunez bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea ere. Aurrera egiten jarraitu nahi dugu, gizarte osoak sexu- eta genero-aniztasuna gure bizikidetza aberasten duen balio gisa ulertzea lortu arte, eta LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen bizitzak aukera-berdintasunez, askatasunean eta diskriminaziorik eta indarkeriarik jasan gabe garatu arte”.

Antolatutako jardueren artean, ekainaren 29an, domekan, 12:30ean, Algortako San Nikolas plazan +D2 Impro izeneko antzezpena izango da, Zahira Montalvo Herrerok eta Elba Ruiz Moralesek osatutako Kancaneo Teatro taldearen eskutik. Saioa umore inklusibotik abiatuta, hausnarketarako gonbita izango da, begirada feminista eta sozialagaz.

Jarduerak Gurarin

Bestalde, Aldarte LGTBIQ+ arreta eta ikasketa zentroaren LGTBIQ+fobia erakusketa ikusi ahal izango da Gurari Emakumeen Etxean, ekainaren 30era arte. Horren helburua izango da aipatutako kolektiboarekiko diskriminazioei eta gorroto-delituei buruz modu kritikoan aztertzea eta hausnartzea.

Erakusketak zortzi panel ditu, LGTBIQ+fobia desagerrarazteko estrategiak sortzeko egiturazko kausak eta gakoak identifikatzen laguntzen duten informazioagaz. Bisitatzeko ordutegia astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era izango da; zapatuetan 15:00etatik 21:00etara, eta domeketan 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era. Gainera, hurrengo bisita gidatuak ere izango dira:

  • Ekainaren 18an, 12:30ean euskaraz, eta 17:00etan gaztelaniaz.
  • Ekainaren 23an, 11:00etan, gaztelaniaz.
  • Ekainaren 25ean, 12:30ean euskaraz, eta 17:00etan euskaraz.
  • Ekainaren 30ean, 11:00etan, gaztelaniaz.

Bisitetan parte hartu ahal izateko aurretiko izen-ematea egin beharko dute interesatuek, 944 660 138 telefono zenbakiaren edo gurarietxea@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez.

Gurarin ere, Hermafroditas del siglo XXI liburuaren aurkezpena izango da, Mer Gomez bere egilearen eskutik, ekainaren 24an, martitzenean, 18:00etatik aurrera. Liburuan idazle eta intersex aktibistak hamar intersex emakumek mugarri batzuen inguruan eta diskurtso teoriko batzuen inguruan izandako bizipenei buruzko gogoetak biltzen ditu, intersexualitateari buruzko iruditeria kultural berriak sortzeko helburuarekin.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun