Getxo Folkek Benito Lertxundi omenduko du "Hunkidura Kuttunak" ikuskizunagaz

Ander Zarraga 2025ko eka. 17a, 15:28

Kontzertua irailaren 14an izango da, Getxoko Nazioarteko Folk jaialdiaren amaieran. © ELKAR

Euskal musikaren figura maitatuenetako bati omenaldi artistikoa eginez amaituko da 41. Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia. Hunkidura Kuttunak izeneko ikuskizuna irailaren 14an izango da Muxikebarrin, eta hainbat diziplinatako musikari, dantzari eta artisten parte hartzea izango du, Orioko Bardoaren ondarearen inguruko esperientzia estetiko eta emozionala eskaintzeko.

Ikuskizun horren bitartez, jaialdiak Benito Lertxundiren ibilbide luze eta emankorra ohoratu gura dute, omenaldi hunkigarri eta artistiko bat eskainiz. "Oriotik Euskal Herrira Benitoren abestiekin" lelopean, emanaldiak ikus-entzuleak bidaia emozional batera eramango ditu, Lertxundiren kantuen bidez Euskal Herriko kultura, historia eta sentimenduen paisaian murgilduz; Oi lur abestitik hasita, Euskal Pizkundearaino!

Ikuskizunaren ekoizpena Baga-biga ekoiztetxeak egingo du eta zuzendari artistikoak Arkaitz Hormaetxe eta Jon Maya izango dira. Lantaldeak hilabeteak daramatza lanean, 2024. urte bukaeran Benito Lertxundiren oniritzia jaso zuenetik.

Zortzi musikarik parte hartuko dute ikuskizunean, bost gizon eta hiru emakume, eta euren interpretazioakaz Benitoren abestiak gaurkotu eta berpiztuko dituzte. Hala, Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester, Mirua eta beste hainbat artista ezagunek Lertxundiren obra ulertzeko berezko ikuspegiak erakutsiko dizkiote publikoari.

Musika ardatz nagusia bada ere, ikuskizunak diziplina anitzeko izaera du; izan ere, dantza, bertsogintza, marrazkia eta bestelako arte-adierazpenek euren tokia izango dute, ikusleari esperientzia estetiko eta sakona eskaintzeko helburuagaz. Dantzaren alorrean, Kukai Dantza konpainiaren presentzia nabarmentzekoa izango da, euren estilo garaikide eta sustraituagaz ikuskizunari mugimendu poetikoa eta indar eszenikoa emanez.

Hori guztia Euskal Herriko hainbat artistaren parte-hartzeagaz gauzatuko da, elkarlanetik sortutako ekitaldi berezi bat eskaintzeko. Emozioa, artea eta oroimena uztartuko dira gau berezi honetan, Benito Lertxundiren lana eta ondarea belaunaldi berriengana eramateko xedez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun