Getxo Kirolakek tarifak "ezkutuan" igo dituela salatu du Elkarrekin Podemosek

Ander Zarraga 2025ko eka. 18a, 13:53

Aukeran eta Aukeran Plus izeneko programen bitartez prezioak aldatu dituztela salatu du Elkarrekin Podemosek. © GETXO KIROLAK

Getxo Kirolakek aste honetan iragarri du Aukeran eta Aukeran Plus izeneko zerbitzu berria abian jarriko duela 2025-2026 ikasturtean. Programa berriak hainbat kirol-mota eta -modalitate konbinatu gura dituzten abonatuentzat malgutasuna eskaintzen omen du, baina Elkarrekin Podemosek ohartarazi duenez, sistemaren aldaketak prezio igoera ezkutuak ere dakartza.

Azaldu dutenez, orain arte, gimnasioaren tarifak 37,40 eurokoak ziren, muskulazio-aretoaz gain, eta jarduera osagarriak barne hartzen zituen: ordu erdiko pilulak, indoor ziklo birtuala eta plaza libreak zituzten beste ikastaro batzuetarako sarbidea. Hala ere, datorren ikasturtean, tarifa 39,30 eurora igoko dute eta soilik muskulazio-aretoaren erabilera barne hartuko du. Gainerako jarduerak egiteko, erabiltzaileek Aukeran programaren 45,60 euroko kuota ordaindu beharko dute.

Aldaketa horrek ikastaroetan ere eragina izango duela ohartarazi dute. Orain arte, adibidez, pilates edo entrenamendu funtzionalaren ikasleek gimnasioan sartzeko eta lau jarduera osagarri egiteko aukera zuten, baina Aukeran sistemagaz horiek galdu egingo dira eta tarifa bi ordaindu beharko dira: ikastaroarena eta Aukeran Plusekoa.

Elkarrekin Podemosek adierazi du programa berria ondo bideratuta dagoela, "interesgarria dela", malgutasuna ematen duelako, baina kritikatu du eskaintza berrantolatzearen izenean prezioak igo izana, herritarrentzat kaltegarri izan daitekeena. Gauzak horrela, talde moreak prezioak aurreko ikasturteko mailara egokitzea eskatu du, eta malgutasunaren izenean ez dezatela murrizketarik edo kostu gehigarririk ezarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun