Larrañazubi desalojatzeko Udalaren agindua salatu du Getxoko EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 19a, 13:58

Getxoko Udalak bere sareetara igotako kanpalekuko irudi bat. © GETXOKO UDALA

Gaur goizean Getxoko udaltzainek Larrañazubi inguruan zeuden pertsonak bertatik kanporatu ditu, Getxoko Udalak prentsa-ohar bidez adierazi duenaren arabera, “pertsonen segurtasuna bermatzeko, osasun publikoa babesteko eta ingurune natural bereziki sentikorra zaintzeko” xedez. Horren aurrean, EH Bilduk gogor salatu gura izan du erabaki hori, kanporatze hori pertsona horien segurtasuna ez duelako bermatzen.

EH Bilduk erabaki hori gogor salatu du, “desalojoak ez diolako erantzuten pertsona hauen segurtasuna bermatzeari”. Adierazi dutenez, pertsona horiek bizitokirik gabe daramate denbora luze, eta ez da lehenengo aldia inguru horretatik kanporatu dituztela. “Bizitoki alternatibarik gabe, leku batetik bestera mugitzeko aukera baino ez daukate, leku ez-duin batetik bestera”, koalizio abertzaleak gogoratu duenez. Horregatik, deitoratu du orain arte egondako tokitik kanporatzeak ez diela pertsona horiei segurtasuna bermatzen, “beste toki prekario batera mugituko baitira, edo berriro bueltatu lehengora, eta segurtasun-ezak berdin jarraituko du”. Hala, azpimarratu du pertsonen segurtasuna bermatzea oinarrizko beharrak asetzetik datorrela, “eta hori ezinbestean administrazio publikoen baliabideen eskutik etorri behar da”.

Era berean, koalizioak salatu du alkateak Uribe Kostako Mankomunitatearen gain irudikatu gura duen inplikazio falta. “Orain arte Mankomunitatetik eta Getxoko Gizarte Zerbitzuetatik isilpeko lan mardula egiten aritu da gure herrian eta eskualdearen parte batean daukagun egoerari aterabide posibleak bilatzeko, eskualdeko hirugarren sektoreko elkarte eta herritar boluntaroekin batera. Horregatik, alkatetzatik datorren erabaki hau orain arte egiten ari den lanaren eta ibilbidearen kontra doa”.

EH Bilduren esanetan, esku-hartze horrek ez dio erantzunik ematen herrian eta eskualdean dagoen errealitateari; “are gehiago, desalojo hau egiteak inolako alternatiba zuzenik proposatu gabe, pertsona hauen egoera are eta gehiago okertzen du. EAJ txarto eta berandu heltzen da egoera honetara eta beste erakundeen bizkar utzi nahi ditu ardurak, haiek inolako inplikazio eta parte hartzerik eduki gabe”.

Koalizio abertzaleak uste du migrazioarena gai konplexua dela eta egungo tokiko egiturak ez daudela baliabide nahikoakaz hornituta. Horregatik, azpimarratu du erakunde ezberdinen arteko lankidetza beharrezkoa dela, udaletatik hasi eta Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzara helduta. “Bide horri heldu diogu aspaldi eta horretan berresten gara. Lanean jarraituko dugu pertsona guztien eskubideak bermatzeko”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun