Algortako San Nikolas plazako frontoia, herritarren topagune eta euskal nortasunaren erakusleiho bilakatuta, kolorez eta elkartasunez jantzi zen atzo berriro ere. Joan den Aberri Eguna baliatuz, herritar talde batek Algorta EH da taldea sortu eta Zazpiak Bat irudikatzen zuen armarria margotu zuen, Algortako bihotzean, "gure herriko kaleetan gero eta arrotzago sentiarazten gaituzten egoerei ekintza txiki batzuekin erantzuna emateko".
Ekintza sinboliko horrek herritarren onespena jaso zuen berehala, bai sareetan zein kalean. "Frontoian egunero dabiltzanek ere frontoia dotoreago ikusi zuten denon armarriarekin. Gainera, Euskal Pilotaren ofizialtasunerako egun bereziak izaten ari ziren eta Saniko Pala txapelketa ikur horrekin jokatu ahal izateak partaideak motibatzen zituen", nabarmendu dute ekintzaileek.
Hala ere, hiru astera, herritarrak harriduraz jabetu ziren Udaleko garbiketa-zerbitzuek margotutako armarria ezabatu zutela, "beste margoketa batzuei jaramonik egin gabe". Horren aurrean, herritarrek euren harridura agertu zuten, ez zutelako ulertzen zergatik ezabatu zuten, "armarria denona delako".
Hala ere, horrek ez zuen ekintzaile hauen gogoa zapuztu. Herriko talde ezberdinakaz eta Saniko Pala Txapelketako antolatzaileakaz elkarlanean, armarria berriro margotzeko ekitaldia antolatu zuten atzo. Deialdiak arrakasta izan zuen: plazan kuadrillak, familiak eta lagun taldeak elkartu ziren koloreak eta ilusioa partekatzeko.
Musikak girotu zuen arrasti osoa, eta margotze-prozesuan jende ugari parte hartu zuen; oraingoan, Euskal Herri osoko zazpi lurraldeak batzen dituen armarriagaz batera, Getxokoa ere irudikatu zuten. Ekitaldia amaitzeko, argazki erraldoia egin zuten berriz margotutako armarrien azpian eta Ikusi Mendizaleak abestuz eman zioten amaiera ekimenari.
Antolatzaileek azpimarratu dute harro daudela herriaren erantzunagaz, eta dei egin dute antzeko ekintzak babesteko: “Ekintza herrikoiak babesten jarraitzea ezinbestekoa da. Inguruko herriei ere dei egiten diegu pausoak jarrai ditzaten".