Adi HAPO plataformaren arabera, HAPO berria Getxoko etorkizunerako “erabakigarri” den gai bat da, eta herritarren esku utzi beharko litzateke azken erabakia, galdeketa lotesle baten bidez. Plataformak ohartarazi duenez, planaren inguruan urte luzeetako gatazka dago, “eta Udalak ez ditu kontuan hartu herritarren kezkak”.
2012an abiatutako parte-hartze prozesua ekarri dute gogora, non, haien esanetan, gehiengoaren iritzia ez zen bat etorri gero Udalak ezarritako irizpideakaz. “Prozesu hark ez zuen izaera loteslerik izan, eta Udalak ez zuen herritarren borondatea errespetatu”, salatu dute.
Gogoratu dutenez, azken urteetan, hainbat mobilizazio eta ekimen antolatu dituzte HAPOaren aurka. Besteak beste, 2022an milaka helegite aurkeztu zituzten, eta 2023an 3.000 lagun inguruk parte hartu zuten planaren kontrako manifestazio eta protestetan.
Plataformako kideek azpimarratu dute EAEko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak aukera ematen duela udalerrietan herri-galdeketak egiteko, erroldaren % 10aren sinadurak bilduz gero. Horren harira, galdetu dute zergatik ez duten Udal Gobernuan dauden alderdiek, “lege hori onartu zutenak”, galdeketa bultzatzen: “Zertarako onartu zuten lege hori, gero ez badute aplikatu nahi?”.
EAJk, PSEk eta PPk atzera bota dute galdeketa egiteko eskaera. Adi HAPOren iritziz, horrek erakusten du gurago izan dutela herritarren iritzia ez jakin, “eta plan gatazkatsu honekin aurrera jarraitu. Nahiago izan dute espekulazioaren eta interes pribatuen alde egin, herritarrei entzutea baino”. Bere aldetik, Alvaro Gonzalez Hirigintza Plangintza eta Diziplina Arloko zinegotziak adierazi zuen plan horretan parte hartzeko mekanismo "ugari" egituratzeaz gainera, "legeak ezarritako gutxienekoetatik haratago", legez "ezinezkoa" dela herri-kontsulta loteslea egitea: "Kasu hau ez dator bat EAEko Toki Erakundeei buruzko 82. artikuluan jasotako kontsulta lotesleen deialdietarako kasu bakar batekin ere. Gainera, EAEko Auzitegi Nagusiak argi utzi du HAPO gisako tresna batek udalerri osoan eragina duela eta, beraz, ezin duela kontsulta loteslerik egin".
Plataformaren ustez, baina, herri-galdeketa litzateke bide “demokratikoena, gardenena, zintzoena eta iraunkorrena” Getxoren etorkizuna erabakitzeko, eta salatu dute interes ekonomiko “ustelak” eta “harrokeria” daudela HAPOaren atzean. Halaber, adierazi dute ez dutela onartuko inor bere etxea galtzea, ezta udalerriaren ondarea kaltetzea ere. Bitartean, iragarri dute HAPOaren kontrako sinadurak biltzen jarraituko dutela.
Eztabaida
Atzoko osoko bilkuran herritarren elkarte horrek aurkeztutako mozioaren arabera, besteak beste, HAPOren ondorioz 200 familiaren etxe eraitsiko dira, horien artean baserri historikoak. Gainera, 9.000 pertsonek kalteak jasango lituzkete, arroetan dauden etxebizitza berrietan uholde-arriskua handitzen delako. Gainera, etxebizitza libreari lehentasuna emango zaiola deitoratu du, etxebizitza publikoaren aurretik ere. Bestetik, landa-lurzorua beteko dela azpimarratu du, Azkorrin eta Andra Marin 3.000 etxebizitza eraikiko direlako. Azkenik, 4.600 etxebizitza berri eraikiko direla gogoratu du, azken 20 urteetan 7.000 biztanle galdu dituen udalerri batean.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek mozioa babestu eta partekatu zuten. Kontrara, Udal Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk eta PPk hura atzera bota zuten. Lehenengo biek herritarren parte-hartze prozesu osoa goraipatu eta Getxok bizi duen bizitegi-larrialdi bati erantzuten diola adierazi zuten, etxebizitza duin baten alde eginez. Plangintza Arloko zinegotziak ziurtatu zuenez, "HAPOn ez da aurreikusi inoiz ere 200 etxebizitza eraistea jabetzaren gehiengoaren baimenik gabe eta, are gutxiago, bermerik edo biztanleak birkokatu gabe. Era berean, ‘baserri historikoak’ eraisteaz ari da, berez inolako ondare-babesik gabeko eraikinak direnean. Horietako asko jabeek beraiek aldatu dituzte, izan zezaketen edozein balio arkitektoniko galduta".
Uholde arriskua handitzeari dagokionez, Gonzalezek guztiz kontrakoa azpimarratu zuen. "Planak ibaien eta erreken joera hidraulikoa hobetzeko neurri aktiboak jasotzen ditu, hain zuzen ere, arriskua murriztea (eta ez handitzea) helburu duten jarduketa eta irizpide teknikoekin. Bestalde, hori da alokairuko etxebizitza publikoetarako berariazko lurzorua kalifikatzen duen Euskadiko lehen Plan Orokorra eta legez ezarritako gutxienekoak ere gainditzen ditu. HAPO horretan 2 milioi metro koadroko lurzorua landa-lurzoru urbanizaezin gisa sailkatzearen aldeko apustua egin da. Hala, Azkorrin, birika berde handi bat sortu da. Aurrekaririk gabeko jarduera Euskadin. Ezin da ulertu azken 20 urte hauetan 7.000 biztanle galdu dituen udalerri batean 4.600 etxebizitza berri eraikiko direla baieztatzea. Izan ere, udalerriaren erronketako bat birsorkuntza demografikoa da, hain zuzen ere, biztanleria galtzen ez jarraitzea eta benetako etxebizitza-premiei erantzutea, batez ere gazteentzat, adinekoentzat eta familientzat".
PPri dagokionez, balioan jarri zuen HAPOk hobera egin zuela aurkeztutako alegazioakaz eta udalerriko bizilagunen parte-hartzeagaz,.