Kultur aretoak erabiltzeko eskaerak egiteko epea zabaldu du Getxo Kulturak

Erredakzioa 2025ko uzt. 1a, 12:17

Gaurtik hasita, eta uztailaren 30era arte, irabazi-asmorik gabeko Getxoko elkarteek Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan  eta Andres Isasi Musika Eskolan zenbait areto erabiltzeko eskaera egin ahal izango dute. Ohi bezala, Getxo Kulturak elkarteen eskura jarriko ditu gune horiek, "beren ohiko kultura-jarduera garatu ahal izan dezaten, eta, horrela, herritarren ekimena bultzatzen du kulturaren hedapenaren eremuan".

Deialdiaren oinarriak, eskaera eta guneen dokumentazio teknikoa www.getxo-kultura.eus/deialdiak webgunean daude eskuragarri. Eskaera egiteko prozedura eta erabilera baldintzak estandarizatu egin dira instalazio guztietan.

Elkarteek askotariko guneak erabili ahal izango dituzte. Algortako Villamonte kultur etxean, 25 eta 60 pertsona bitarteko edukiera duten bost areto daude, baina horiek beste areto batzuekaz konbinatu daitezke, 70, 100 eta 145 lagunentzako aretoak sortuz. Bestalde, Romo Kultur Etxean 11 areto daude eskuragarri lagatzeko. Horietako lau erabilera anitzekoak dira eta 8 eta 25 pertsona arteko edukiera dute. Beste lau gorputz-adierazpenagaz eta kantuagaz lotutako jardueretarako dira, eta gainerako hirurak musika-entseguetarako kabinak dira. Gainera, RKEko ekitaldi-aretoa ere eska daiteke, 99, 194 eta 299 lagunentzako edukierarekin, erabilera-motaren arabera. Halaber, Areetako Musika Eskolako entzunaretoa erabiltzeko aukera ere eskainiko da, 162 (besaulki-patioa) edota 320 (areto osoa) laguneko edukiera duena. Azkenik, Algortako Musika Eskolan 40 lagunentzako entsegu-gela nagusia ere erabili ahal izango da.

Elkarteek, oro har, doan erabili ahal izango dituzte espazio horiek, baina Romo Kultur Etxeko areto-nagusirako eta Andres Isasi Musika Eskolako entzunaretorako aurreikusitako jardueren kasuan, ezohiko edukiera edo beharrizan teknikoak eskatuz gero, erakunde eskatzaileak egin beharko du ezohiko zerbitzuen kargu.

Betekizunak eta eskabideak bidaltzea

Deialdi honetan parte hartzeko, ezinbestekoa da elkarte eskatzaileak Elkarteen Udal Erregistroan alta emanda egotea eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak izatea, edo zuzenean udalerrian jarduten dutenak. Getxo Kulturak jakinarazi duenez, ahalik eta elkarte gehienei erantzutea lehenetsiko da; "hala ere, eskaera guztiei erantzuterik ez badago, lehentasuna emango zaie Getxo Kulturaren helburuagaz bat datozen jarduerak proposatzen dituztenei, eta kontuan hartuko da zein egunetan sartu diren".

Eskabideak elkarte interesdunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz, eta eskabidea bidali beharko du gelak@getxo.eus helbide elektronikora, behar bezala beteta eta sinatuta. "Getxo Kulturak konpromisoa hartzen du eskabideak aurkezteko azken egunetik gehienez hilabeteko epean deialdia ebazteko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun