Getxo Jazz Jaialdiak bere hitzordu garrantzitsuenetako bat izango du bihar Paquito D 'Riveraren emanaldiagaz, jazz latino eta afrokubanoaren kondaira bizia. 18 Grammy sari irabazi dituen Habanako musikaria 22:15ean itzuliko da Muxikebarrira, lehen mailako boskote batek lagunduta.
Artista beteranoa, Irakere talde mitikoaren sortzaileetako bat, jazza, musika klasikoa eta Karibeko soinuak uztartzen dituen errepertorioa erakutsiko du. Horretan ez dira faltako La Fleur de Cayenne bere azken lan diskografikoari buruzko erreferentziak, Venezuelako erritmo tradizionalei gorazarre egiten dien kutsu autobiografikoa duen albuma, hain zuzen.
Jardunaldia 19:00etan hasiko da, Algortako Geltokia plazan, Daahoud Salim Quinteten emanaldiagaz. Daahoud 2016ko Getxoko lehiaketaren talde irabazlea da, eta duela gutxi Lovainako (Belgika) B-Jazz jaialdian saritua.
Ostean, eta gaueko plater nagusiaren aurretik, Talde Lehiaketako bigarren finalista izan den IMB Special 4teten txanda izango da, 21:00etan, Muxikebarrin. Laukote hau Amsterdamen bizi diren espainiar musikari gazteek osatzen dute, eta bere konposizio berritzaileengatik eta jazz-tradizioaren eta esperimentazioaren arteko fusioagatik nabarmentzen da.
Erakusketa
Musika-eskaintzaz gain, Romo Kultur Etxeak Sinestesia Drawing Band erakusketa hartuko du hilaren 27ra arte. Igor Sarralde ilustratzaile getxoztarraren proiektua da, eta jaialdiaren azken bi edizioetako kontzertuetan zuzenean egindako 50 marrazketa-lanen bidez, Getxo Jazzen ibilbide grafikoa eskaintzen du, baita sorkuntza-prozesuan erabilitako tresnak ezagutzeko aukera ere.