Getxok munduko erritmoez jantziko du uda

Erredakzioa 2025ko uzt. 15a, 11:41

Euskal Herriko dantzak maisuki interpretatzen ditu talde getxoztarrak. ITXARTU

Dantzak eta musika tradizionala Getxora itzuliko dira uztailaren 18tik 20ra Nazioarteko Folklore Jaialdiaren eskutik. Muxikebarri Antzokian izango dira emanaldiak.

Getxok, berriz ere, munduko erritmo eta kolorez jantziko du uda, uztailaren 18tik 20ra bitartean ospatuko den 40. Nazioarteko Folklore Jaialdiaren baitan. Urtero bezala, Muxikebarri Antzokian egingo den jaialdiak munduko kultura tradizionalak batuko ditu, dantza eta musikaren bidez elkar ezagutzeko gune bilakatuz. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira.

Aurten, euskal dantzetan erreferentea den tokiko Itxartu taldeak irekiko du jaialdia, uztailaren 18an, eta horren ostean arituko dira Serbiatik eta Mexikotik etorritako konpainiak. Kud Branko Cvetkovic talde folkloriko serbiarra uztailaren 19an igoko da taula gainera; 1945ean sortu zen, eta bere sortzaile izan ziren marinelak eta trenbideko langileak. 70 urtean zehar, Serbiako tradizio folklorikoa zabaldu dute munduan zehar. Hurrengo egunean, hilaren 20an, Mexikoko Colima Unibertsitateko Ballet Folklorikoaren txanda izango da. Talde horrek bidaia eszenikoa sustatu gura du, dantzaren bidez haien sustraietara eramaten duena: "Antzinako otoitzetatik hasi eta orainaren indarreraino, mugimendu bakoitza gure lurraren alaitasun eta tradizioagaz durundi egiten duen taupada bat da".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun