Neurriak hondartzaren eta, bereziki, Portu Zaharraren inguruan bizi diren pertsonei uda garaian eragiten dizkieten mugak arinduko dituela nabarmendu du Getxoko Udalak; izan ere, inguru hori hareatza- eta aisialdi-gunea denez, aparkatzeko eskaria bete egiten da, eguraldi onaren ondorioz edo inguruan antolatzen diren ekitaldiak (ekitaldi kulturalak, kontzertuak, jaiak, jolas-jarduerak...) eta ospakizunak egitearen ondorioz; batzuetan zirkulazio murrizketak ere eragiten dituzte bertan antolatutako ekitaldiek.
“Muga horiek ezinbestean eragiten diote hondartzaren inguruan bizi direnen egunerokotasunari, bereziki Portu Zaharrean bizi direnei; izan ere, biztanleria-dentsitate handiena eta aparkalekurik eza biltzen dituen espazioa da, batez ere ibilgailuen trafikora mugatutako oinezkoentzako gunea delako. Horregatik, Udalak azterlan batzuk egin ditu, eta, azkenean, salbuespenezko neurriak proposatu ditu uda iristean sortzen den arazoa konpontzeko eta inguruko bizilagunei irtenbide bat eskaintzeko", adierazi du Janire Ocio Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak.