Getxoko Zirkuituaren 80. lasterketa jokatuko dute abuztuaren 3an, domekan

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 10a, 14:40

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak 50 urte egingo ditu. © PUNTA GALEA TXIRRINDULARI ELKARTEA

Abuztuaren 3an, domeka honetan, Getxoko Zirkuituaren 80. Otxoa Anaiak Memoriala jokatuko da. Aurten, Punta Galea Txirrindulari Elkartearen 50. urteurrenagaz bat egiten du eta, beraz, ospakizun bikoitza izango da. Gaur egin dute aurkezpena, uztailaren 10ean,  Fadurako TikiToki zentroan, eta bertan izan dira Amaia Aguirre Getxoko Alkatea, Alvaro Gonzalez eta Marcos Muro Getxoko eta Bilboko kirol zinegotziak, Gorka Iturriaga eta Carlos Sergio Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko kirol zuzendariak, hurrenez hurren, eta anfitrioi gisa, Mikel Guinea Punta Galea Txirrindulari Elkarteako presidentea.

Lasterketa  Bilboko Guggenheimeko zabalgunetik aterako da 12:15ean eta ohiko ibilbidea izango du: irteera neutralizatua egin ondoren, Enekuri igoko da, Erandioraino jaitsi eta Txomintxu igo ondoren Arkotxan dagoen helmugara iritsiko dira txirrindulariak. Ondoren, sei itzuli emango dituzte, Akarlandatik igaroz (hiru aldiz puntuatuko du), eta laugarren eta seigarren itzulian bigarren mailako Pike igoko da, mundu mailan ezaguna egin dena 2023ko Frantziako Tourrean sartu ondoren. Guztira 172,2 kilometro egingo dira.

UCI 1.1 kategoriako proba da eta 17 taldek parte hartuko dute. Horietako lau World Tour mailakoak izango dira: Movistar, Lidl-Treak (USA), Cofidis (FRA) eta UAE Team Emirates (AEB). Zazpi izango dira Pro Team: Caja Rural, Euskaltel-Euskadi, Burgos-Burpellet, Kern Pharma, Lotto (BEL), Total Energies (FRA), Polti (ITA) eta Q.36.5 Pro Cycling (SUI). Eta beste bost Kontinentalak izango dira: Illes Balears-Arabay, Terengannu (MAL), Victoria (FILIP), XSpeed United (CAN) eta Skyline (EEBB).

Lasterketaren ohorezko zuzendaria Jonathan Castroviejo getxotarra izango da. Bestalde, aurten txirrindulari profesional gisa erretiratuko da Ineos Grenadiers taldean. Duela hogeita hamar urte baino gehiago hasi zuen bere txirrindulari ibilbidea klub antolatzailean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun