Aurten ere arreta zuzena emateko eta sentsibilizatzeko gune morea izango da Getxoko jaietan

Nahia Martinez Gondra 2025ko uzt. 11a, 12:38

Eraso matxisten aurkako erakustaldia, artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Aurten ere, Getxoko Udalak gune more bat jarriko du udalerriko jaietan. Xedea da erasoen biktimentzako zaintza eta laguntza zuzena eta berehalakoa ematea, eta indarkeria matxistari buruzko sentsibilizazioa helarazteko eremu seguru bat eraikitzea. Arreta biktimen zaintzan, eta beren iritzi eta nahiekiko errespetuan oinarrituta egongo da. Halaber, Ertzaintzagaz, Udaltzaingoagaz eta Udalagaz koordinatuko dira eskura dauden zerbitzuei buruzko informazioa eman ahal izateko eta Udalaren jarduera, koordinazio eta erantzun publikorako protokoloa aktibatzeko.

Gune morea toki segurua eta lasaia izango da, karpa baten azpian, erasoa jasan duen lagunei laguntzeko. Emakume profesionalek artatu eta aholkatuko dituzte bertaratuak. Horiekaz harremanetan jartzeko aukera izango da, 747 407 311 telefono-zenbakira deituta ere.

Gune moreak hurrengo egunetan jarriko dira leku hauetan:

  • Aixerrotako paellak: uztailaren 25eko arratsaldean eta gauean.
    San Inazio jaiak, (Algortako etorbidean, batzokiaren ondoan): uztailaren 29tik abuztuaren 1era arteko gauetan.
  • Romoko jaiak (Santa Eugenia kalean, txosnen gunetik gertu): abuztuaren 2, 7 eta 8ko gauetan.
  • Portu Zaharreko jaiak (txosna gunearen sarreran): abuztuaren 9tik 11ra arteko gauetan, eta 12ko arrastian eta gauean.
  • Mesedeetako jaiak, Areeta (Andres Larrazabal kalea): irailaren 26 eta 27ko gauetan. Arreta-gune moreak artatzen dituzten profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango da, 747407311 telefono- zenbakira deituta ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun