Astebetez motxila bizkarrean eta euskara ahoan, hala ibili dira Getxoko Haria euskal aisialdi taldearen udalekuko gazteak. Hondarribian hasi zuten bidea uztailaren 14an, eta Oriotik, Aiara, Zumaiara eta Ondarroatik pasatu ondoren, Lekeition amaitu zuten ibilbidea, Gure Zirkuaren ikuskizun koloretsuagaz borobilduta.
Zazpigarren edizio honetan, 50 gaztek parte hartu dute, eta euren arteko harremanak sendotzeaz gain, euskararen arnasgune bizia sortzea izan da helburu nagusietako bat. "Gazteek argi daukate proiektuaren helburua, eta haiek ere euskaraz ondo pasatu nahi dutelako hurbiltzen dira gugana", azaldu dute antolatzaileek.
Auzolana, kirola, jolasak eta ur-ekintzak izan dituzte bidelagun, eta egunak frontoietan eta gaztetxeetan igarota, herriz herriko jendearen harrera beroa nabarmendu dute. "Oso eskertuta gaude jasotako laguntzagatik", adierazi dute amaieran.
Udaleku ibiltaria Getxoko eta eskualdeko gazteen artean euskarazko aisialdi eredu erakargarria sustatzeko apustu sendoa bihurtu da urteotan, eta ematen du aurtengoak bideari indar berritua eman diola.