Estrella Morente, Capercaille, Carminho eta Xabier Zeberio izango dira Lertxundiren omenezko ikuskizunean Getxo Folken

Ander Zarraga 2025ko uzt. 22a, 17:02

Xabier Zeberiok abiatuko du aurtengo jaialdia "Pause" bere ikuskizunagaz. © AITZINA FOLK

Getxo Folk jaialdiaren 41. edizioa irailaren 10etik 14ra egingo da eta guztira 13 emanaldi eskainiko dira. Ordainpeko kontzertuetan Estrella Morente, Carminho eta Capercaille bezalako artista entzutetsuak izango dira, eta jaialdia Benito Lertxundiri eskainitako omenaldi bereziagaz itxiko da. Doako emanaldiak, berriz, Ereagako hondartzan eta Areetako Geltokia plazan izango dira, Chambao eta Muerdo izango dituztelarik buru.

Musika herrikoi eta sustraidunaren aldeko apustuan tinko jarraituz, Getxo Folk jaialdiaren 41. edizioak programa oparoa aurkeztuko du irailaren 10etik 14ra. Guztira 13 kontzertu eskainiko dira hiru gune desberdinetan, horietatik bost ordainpekoak izango dira Muxikebarrin eta gainerakoak doakoak Areetako Geltokia plazan eta Ereagako hondartzan.

Jaialdiaren hasiera Xabier Zeberioren Pause proiektuagaz izango da irailaren 10ean, Andrés Isasi musika eskolako ikasleen parte-hartzeagaz. Hurrengo egunean, Estrella Morente flamenkoaren ikurretako bat taularatuko da berriz Getxon. Irailaren 12an, Capercaille talde eskoziarrak folkaren eta pop-rockaren arteko zubia ekarriko du oholtzara. Eta hilaren 13an, Carminho portugaldarraren fadoak girotuko du Muxikebarriko agertokia, tradizioa eta berrikuntza uztartuz.

Amaiera ekitaldi berezi bategaz borobilduko da jaialdia: Hunkidura kuttunak, Benito Lertxundiri eskainitako ikuskizun multidiziplinarra izango da, Kukai Dantza eta Arkaitz Hormaetxeren zuzendaritzapean. Bertan, Mikel Markez, Idoia Asurmendi, Janus Lester eta Mirua izango dira, Lertxundiren obra belaunaldi berriei hurbiltzeko asmoagaz.

Gazteentzako proposamena izango da aurten ere Ereagako hondartzan: irailaren 12an Chambao ariko da eta 13an Muerdo. Bi kontzertuak gaueko 22:00etan izango dira, doan.

Jaialdiaren barruan, Areetako Geltokia plazan eguneko ordutegietan izango diren doako kontzertuetan La West Bluegrass Band, Erromintxelak, Hutsun Txalaparta, Sensei Music Ensemble eta Deira Band arituko dira. Haurrentzako musika-ludotekak eta Ene Kantak taldearen ikuskizuna ere izango dira bertan. Gainera, hilaren 13an eta 14an Black Raven Pipe Band irlandar gaita taldearen desfileak ere izango dira ikusgai.

Getxo Folkek aurten ere musika herrikoia eguneratu eta askotarikoa proposatzen du, publiko guztiarentzat pentsatutako formatuan. Ordainpeko kontzertuetarako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude ohiko kanaletan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun