Nondik dator Getxoko Paella Egunean arroz bilketa bat antolatzeko ideia?
Aurten hasita gaude Lesbosen bizitakoa ikastola-eskoletan erakusten. Hala, hitzaldiak eman ditugu eta janari bilketak ere egin ditugu. Baina Lesboseko errefuxiatuen kanpalekuko sukaldean egiten den janarien artean oinarri-oinarrizkoena arroza izanik, iruditu zaigu lotura egin genezakeela Paella Egunean sukaldatzen denarekin. Beraz, jai-giroa aldarrikapenarekin lotu genezakeela pentsatu genuen; izan ere, arroza prestatzen den oinarrizko janaria da, eta egunero 2.500 anoa inguru prestatzen ditugu.
Zer harreman duzue Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeagaz eta nola ezagutu zenuten horrek Lesbosen egiten duen lana?
Getxon, horretan lanean gabiltzan boluntario guztiak Lesbosen egonda gaude bertako sukaldean lan egiten, beraz, bertan bizi duten egoera eta baldintzak zeintzuk diren bertatik beratara ezagutzen ditugu.
"Jasotako guzti-guztia Donostiako biltegietara bidaliko dugu eta hilero beteta joaten den trailer batean aterako da Lesbosera. Jasotako donazioak ere arroz bihurtuko ditugu"
Zein da kanpaina honen helburu zehatza?
Gaizki pasatzen ari diren horiek ahaztu gabe, jaiaz disfrutatzea da asmoa, guk jango dugun paella errefuxiatuen kanpamentuan ere hartzeko aukera izan dezaten. Hasierako helburua 1.000 kilo batzea zen baina zergatik ez 2.000 kilo lortu? Lan egin dezagun topera eta ikusiko dugu zer den ateratzen dena.
Nola kudeatuko duzue arroza Lesbosera bidaltzeko?
Jasotako guzti-guztia Donostiako biltegietara bidaliko dugu eta hilero beteta joaten den trailer batean aterako da Lesbosera. Jasotako donazioak ere arroz bihurtuko ditugu.
Nolako erantzuna jasotzea espero duzue Getxoko herritarrengandik?
Oraingoz, hitz egin dugun jendearengandik oso harrera ona eduki dugu, eta espero dugu jasotako erantzuna eta batuko dugun arroz kantitatea bat egingo duela aurreikusitakoarekin.
Zerk inspiratzen edo motibatzen zaituzte pertsonalki honelako kausetan laguntzen jarraitzera?
Boluntarioen lanean sinesten dugu, eta elkar-laguntzan ere. Horregatik, aukera badugu, nahiz eta gutxi izan, errefuxiatuen baldintzak hobetzeko janari duin baten bitartez laguntzeko aukera badugu, hori ere ongi etorria izango da.
Azaldu dezakezu zer-nolako lana egiten duen Zaporeak elkarteak errefuxiatuakaz?
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak Lesbosen (Grezia) dagoen errefuxiatu kanpamentuan egunero gerratik ihesi datozen pertsonei janari duinagaz gizalegez laguntzeko jaio ginen. Gure sukaldean egunero 2.500 anoa egin eta errefuxiatuen artean banatzea lortu dugu , eta arroza da prestatzen dugun bazkariaren oinarria.
Aurreikusita al duzue beste ekintza solidariorik etorkizunean tokiko kolektibo gisa?
Irailetik aurrera, ikasturte berriarekin, Getxoko zentro gehienetara hitzaldiak ematera joango gara, eta ahal den neurrian, janari bilketak ere egingo ditugu horietan.