Algortako lehen Batzokia 1905ean sortu zuten, eta aurten, horren 120. urteurrena ospatuko dute, uztailaren 22tik abenduaren 3ra arte. Ospakizunak abiatzeko aukeratu duten data ez da hausazkoa: 1977ko uztailaren 22aren oroimenez hautatu dute, egun horretan okupatu baitzuten Batzokia, berreskuratzeko bide legal guztiak agortuta zeuzkatela. Garai hartan, Guardia Zibilaren kaleratzea ekiditeko, eguneko eta gaueko txandak antolatu zituzten, eta orduz geroztik lelo bilakatu den esaldia sortu zuten: "etxean gagoz!"
Urteurren borobil horren harira, ospakizunez gain, omenaldiak, aldarrikapenak, plangintzak eta antolakuntza-saioak egingo dituztela ere iragarri dute antolatzaileek. Hala, herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek.