Arraunaren zirrara Getxora bueltatuko da aste-akabuan

Ander Zarraga 2025ko uzt. 25a, 09:07

Getxoko Ikurriña estropada zapatuan lehiatuko da Ereaga eta kirol-portutik abiatuta. © GETXOKO UDALA

Zapatuan, uztailaren 26an, 17:25etik aurrera Getxoko Ikurriña jokatuko da, Euskotren eta Eusko Label Ligetako hitzordu nagusietako bat. Ereagako hondartza eta Abra ingurua izango dira estropada ikusgarrien eszenatoki.

Getxoko arraunaren zaleek galdu ezineko hitzordua dute aste-akabu honetan: Getxoko Estropaden XVII. Ikurriña – J.A. Agirre Lehendakariaren XXI. Omenaldia, Euskotren Ligako jardunaldian lehiatuko dena, eta Getxoko Estropaden XLVII. Ikurriña – J.A. Agirre Lehendakariaren XXI. Omenaldia, Eusko Label Ligako estropadan jokatuko dena.

Hala, Euskotren eta Eusko Label ligetako traineruak arituko dira Getxoko uretan nor baino nor gehiago, eta zaleek aukera izango dute giro bikainaz gozatzeko Ereagako zaleentzako gunean, aisialdirako eremutik gertu. Estropaden aurkezpena TikiToki gunean egin dute, eta bertan izan dira Getxoko alkate Amaia Agirre, Getxoko Udaleko Kirol zinegotzi Alvaro Gonzalez eta ACTko presidente Borja Rodrigo. 

"Dagoeneko 47. edizioa betetzen duena. Ez da kasualitatea bandera hau egutegiko zaharrenetakoa izatea. Getxok eta getxoztarrok kirol honekin dugun lotura sakonaren isla da. Zaleen leialtasunaren ispilu. Eta, batez ere, gure klub, traineru eta arraunlarien eguneroko lanaz hitz egiten duen hitzordua", adierazi du alkateak aurkezpenean.

Bestalde, ACTko presidente Borja Rodrigok adierazi duenez, Getxoko bandera "ligako ikurretako bat da, lehen ediziotik gure alboan egon dena, konpromiso osoz".

Hitzarmena 2027ra arte

Estropada aurkezteagaz batera, batutako erakundeek El Abra-Getxo Kirol Portuarekiko hitzarmena beste hiru urtez luzatu dutela ere iragarri dute. Horrela, gutxienez 2027. urtera arte, Getxok segurtatuta izango du arraunaren eliteko estropada bat bere egutegian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun