Getxoko 80. Zirkutua lehiatuko dute domekan, punta-puntako txirrindulariakaz

Ander Zarraga 2025ko abu. 1a, 11:07

Txirrindulariak Getxoko Zirkuituan zaleek animatuta. © GETXOKO ZIRKUITUA

Abuztuaren 3an jokatuko da Getxoko 80. Zirkuitua – Otxoa Anaiak Memoriala, eta UAE Emirates taldeak lehen mailako izen bi izango ditu lasterketaren buruan: Juan Ayuso eta Isaac del Toro. Ayusok bertan eskuratu zuen bere lehen garaipen profesionala 2022an, eta, oraingoan, berriro itzuliko da, esprinteko borroka gogorrean lehiatzeko prest.

Punta Galea Txirrindulari Elkarteak antolatutako proba domeka honetan jokatuko da Bizkaiko errepideetan zehar, 172 kilometroko ibilbide ikusgarri batean. Lasterketaren hasiera Bilboko Guggenheim Museoaren zabalgunean izango da 12:15ean, eta Txomintxu igo ondorengo helmugan amaituko da.

Aurten, UAE Emirates talde indartsuak Juan Ayuso eta mexikarra den Isaac del Toro izango ditu taldeburu gisa. Biek, Igor Arrieta nafarraren eta Jay Vine australiarraren laguntza izango dute. Horiez gain, World Tour mailako hiru taldek parte hartuko dute: Movistar, iazko irabazlea, Jon Barrenetxea bizkaitarra, eta Orluis Aular venezuelarragaz; Lidl-Trek, Quinn Simmons, Carlos Verona eta MotoGPko ohia den Aleix Espargaró txrrindulariakaz; Cofidis, Ion Izagirre eta Alex Aranburu 2018ko irabazleagaz. Horiez gain, ProTeam kategoriako zazpi talde ere izango dira lehian: Caja Rural, Euskaltel-Euskadi, Burgos-Burpellet, Kern Pharma, Lotto, Total Energies eta Polti-Q36.5 Pro Cycling. Horiekaz batera, kontinental mailako beste bost talde ere izango dira bertan.

Urtero legez, lasterketaren gune estrategikoetako bat Pike Bidea izango da: 2 kilometroko luzera eta %14ko batez besteko maldagaz, eta 2020an estreinatu zen Getxoko Zirkuituan. 2023ko Frantziako Tourraren lehen etapan ere nabarmendu zen igoera hori, Bilbon hasi eta amaitu zen etapan.

Aurtengo edizioak ohorezko zuzendari berezia ere izango du: Jonathan Castroviejo getxoztarra, Ineos Grenadiers taldeko txirrindularia, aurten bere ibilbide profesionalari amaiera emango diona. Castroviejo Punta Galea klubeko kidea izan zen bere lehen pausoetan, eta orain Getxoko Zirkuituak omenaldia egingo dio bere herriko zaleen aurrean.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun