54 ekoizle bilduko dira domekan San Lorentzoko Azokan, Algortan

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 8a, 17:16

Domekan, abuztuaren 10ean, San Lorentzo Azoka ospatuko dute berriro ere Algortan eta, ohi bezala, bertan Euskal Herri osotik etorritako 54 ekoizlek baserriko produktuak gerturatuko dizkiete bisitariei. Guztira, 60 saltoki eta txosna bi kokatuko dituzte San Nikolas eta Biotz Alai plazetan, 10:00etatik 14:30era bitartean. Arrastian, 20:00etan, Biotz-Alai abesbatza getxoztarrak ospakizuna itxiko du Muxikebarrin bere ohiko emanaldiaren bitartez.

Azokako bisitariek goiz osoan zehar euskal baserriko produktu tipiko ugari erosi ahal izango dituzte, hala nola barazkiak, frutak, gaztak, pateak eta ahatearen deribatuak, ogia, pastelak, eztia, sagardoa edo txakolina, apaindurako landareak eta urdaitegiko produktuak, besteak beste, produktu ekologikoak ahaztu gabe.

Trikitilari eta gaitariak egongo dira jai giroa animatzeko. Azokako plaza bietan, gainera, taloa, sagardoa edo bestelako produktu batzuk dastatu ahal izango dira. "Merkatu honetako produktuen kalitate eta aniztasuna pizgarri nagusiak dira bisitarientzat, eta horiei esker, Getxoko San Lorentzo Bizkaiko azoka garrantzitsuenetako bat da", nabarmendu dute antolatzaileek

Kontzertu korala

Eguna borobiltzeko, Biotz-Alai abesbatza San Lorentzoko jaiari amaiera bikaina emateaz arduratuko da. Taldeak aurten ere kontzertua emango du Muxikebarrin, 20:00etatik aurrera, euskal errepertorioko kanta ezagunak zein beste tradiziozko abestiak eskainiko dituela. Saio horretarako gonbidapenak daborduko agortu dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun