Gizon bat atxilotu dute Algortako Portu Zaharreko jaietan, sexu-erasoa egitea egotzita

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 11a, 09:11

Atzo Portu Zaharrean egindako elkarretaratzea. © ALGORTAKO MUGIMENDU FEMINISTA

Getxoko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen domeka goizaldean, 04:45ak aldera, Portu Zaharrean, emakume bati ukituak egitea leporatuta. Horren aurrean, indarkeria matxisten kontrako elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek atzo, eta bertan parte hartu zuten Portu Zaharreko jai-batzordeak, Udaleko ordezkariek eta Algortako mugimendu feministak, besteak beste.

Gertakaria jaien operatiboa egiten ari ziren agenteek lekuko batzuen abisua jaso zutenean gertatu zen, gizon batek ukituak egin zizkiola salatuz. Pertsona horiek ustezko egilea atxikitzea lortu zuten udaltzainak heldu arte. Horiek ustezko erasotzailea atxilotu eta komisariara eraman zuten, bertan beharrezko eginbideak egin eta guardiako epaitegiaren esku uzteko.

Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi du edozein indarkeria matxistaren aurrean, eta gogoratu du Getxon ez direla sexu erasoak onartzen. 

Elkarretaratzea

Eraso horren aurrean, elkarretaratzea egin zuten atzo, domekan, Portu Zaharreko eskaileretan. Horretan parte hartu zuten dozenaka herritarrek, baita Getxoko Udaleko ordezkariek, jai-batzordeko kideek eta Algortako mugimendu feministako lagunek ere, besteak beste, biktimari babesa eta indarkeria matxistaren aurkako konpromiso kolektiboa erakusteko.

Mugimendu feministak egindako irakurketan, jaien testuinguruan izandako "enegarren" erasoa dela gogoratu zuten. "Gizarte patriarkal kapitalistan sustraitutako indarkeria sistemikoaren milaka erroek jaietan, desinhibizioaren eta desfasearen aitzakian, batzuon gorputzak jomugan jartzen dituzte are gehiago". Hala, "Marmotaren Eguna" ematen duela deitoratu zuten, urtez urte halako erasoak errepikatzen baitira.

Gogoratu zutenez, jardun etengabean ari dira "zaintzan, familietan, eskola zein unibertsitateetan, enpresetan, lantokietan, kirolean, kulturan, aisialdian zelan kontzientziatu, sentsibilizatu, ohartarazi, deslegitimatu hain barneratuta eta normalduta dagoen harreman- eta botere-joko maltzurraz". 

Lan horrek guztiak, besteak beste, epe laburrean erasorik gabeko jaiak izatea helburu duela gogoratu zuten, eta hala jakinarazi zuten uztailean egindako agerraldian, herritar guztiei jaiak seguruak izan zitezen laguntzeko. Hala ere, helburua bete ez dela deitoratu zuten, eraso bat salatu duelako emakume batek, "eta, ziurrenik, salatu gabeko beste asko izango dira".

Ildo horretan, Algortako mugimendu feministak eta Udalak euren babesa, elkartasuna eta laguntza helarazi eta eskaini gura izan diote emakume horri. "Bere aurkako erasoa denon aurkako erasoa baita. Hitz ematen dizuegu jarraituko dugula lanean, borrokan denok aske biziko garen egunera arte", azpimarratu zuten eragile feministetako kideek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun